Autodeterminazioaz aritu zara.
Nazioen Mundua ekimenaren ibilbidea da ardatz nagusia. Izan ere, adierazi gura duguna da, jende arruntak bere esku duela bere etorkizuna, eta posible dela desberdinen artean adostasunetara iristea. Dokumentalean esaten den bezala, autodeterminazioa gai garrantzitsuegia da politikoen esku uzteko, eta gure ardura da gure etorkizunaren jabe izatea eta zer izan nahi dugun erabakitzea. Herritarrok sinesten badugu gai garela inoren zain egin gabe aurrera egiteko, ez dago hori geldituko duenik. Ikuslea dokumentalaren protagonista bihurtzen dugu.
Donostiako Giza Eskubideen Zinema jaialdian erakutsi zenuten lehenengoz. Zelakoa izan zen?
Bezperatan oso urduri nengoen. Egun osoa txikle berdinagaz pasatzen duzunekoa zen inpresioa: dagoeneko zer zapore daukan ere ez duzu jakiten. Egin duzun pelikula hori zelakoa den, nozioa galdu egiten duzu.
Zelan erantzun zuen jendeak?
Ikusi genuen jendeak barre egin behar zen momentuetan barre egiten zuela, eta hunkitu behar zenean hunkitu egiten zela, eta izugarrizko lasaitua hartu nuen. Asteazkenean berriro bete zen Victoria Eugenia, eta oraindik eta erreakzio beroagoa izan zen ikuslego, esan dezagun, normalarekin. Ez geneukan erronka erraza, gai politiko batekin, herri txiki bateko historia batekin artea egiteko, eta ikusi dugu egin duenak funtzionatzen duela. Estilo aldetik ere arriskatu gara, eta ikusi dugu oso ondo hartu dela.
Estiloa aipatu duzu. Zer ezaugarri nahi izan dituzu lortu?
Oso dokumental freskoa da. Gertakizunak izan diren momentuan grabaturikoak dira irudi gehienak. Saiatu gara oso benetakoa eta hurbila izaten: konplexurik gabe sartu ditugu etxeko bideo-kamerarekin Nazioen Munduko jendeak azken zortzi urteetan grabatu izan dituen gauzak. Denak du making-off itxura dokumental honetan. Dokumental estandar batean hasieratik deskartatuko liratekeen eszenak dira protagonismoa hartu dutenak dokumentalean. Esango nuke baita, oso egiazaleak izan garela: gauzak izan diren bezala kontatzen saiatu gara.
Bidaiatik ere badauka dokumentalak.
Euskal Herria eta Eskozia dira dokumentalaren bi paisajeak. Idiazabalgo Nazioen Mundua taldearekin Eskoziara egin genuen bidaia batekin hasi zen dena. Beti fijatu gara beste herri batzuetan, eta Eskoziak isil-isilik bere bidea egin du, eta demokrazia heldu baten eredu bezala ageri zaigu. Inork hemen aro aldaketa bat zetorrela ikusten ez zuenean, desberdin pentsatzen zuen jendearen artean autodeterminazio eskubidea lantzen hasi ziren Idiazabalen.
Euskal Herriko egoera politikoan emandako aurrerapausoek eraginda, hainbat aldiz aldatu behar izan duzue gidoia, ezta?
Bai, ez genuen ikusten noiz amaitu genezakeen. Gauzak arrapalada batean aldatzen hasi ziren: Ezker abertzalearen legalizazioa, ETAren su-etena, Aieteko nazioarteko goi-bilera... Luzatzen-luzatzen joan behar izan genuen.
Zelako esperientzia izan da?
Sakona. Etorkizuna gure esku dagoela sinesteko aukera eman dit dokumentalak: ez garela bulego batean edo ezkutuko bilera batzuetan zer erabakiko den zain egon behar. Oso barrutik bizi dut hemengo egoera politikoa eta benetan suerte handia izan da lan hau egin ahal izatea.
Euskal Herriaren eta Eskoziaren etorkizunari esperantzaz begira
Aurretik zuzendu zituen Bidaia intimoak eta Apaizac obeto lanetan dokumentala nondik nora joango zen argi zeukala dio Jon Maiak: “Garbi neukan zer nahi nuen kontatu, eta nola; grabatzen hasi aurretik nahiko definituta neuzkan gauzak”. Honetan, aldiz, ez nuen garbi ikusten nola planteatu. Gazta zati bat grabatzen hasi eta lasterrera, gainera, “Eskozian eta Euskal Herrian, bi nazioen norabidea alda zezaketen gauzak hasi ziren gertatzen, eta horrek ere eragina izan zuen sormen prozesuan.” Aldaketa horiek lehen lerrotik jarraitzeko aukera eskaini dio dokumentalak Jon Maia bertsolariari.
|