Gure Esku Dago Giza Katea

Eskurik esku, Durangaldean ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute giza katean

Anboto 2014ko eka. 6a, 09:00
Domekan, erabakitzeko eskubidearen aldeko giza kateak Durango eta Iruñea lotuko ditu 123 kilometroan zehar; ibilbide horretako 18 kilometro Durangaldean izango dira: Durangon eta Atxondon bina, Abadiñon lau eta Elorrion hamar. Tarte horretako giza katea Durangaldeko hamahiru herrietako eta Bizkaiko beste hainbat herritako jendearekin osatu da. Eskualdeko herrietan 5.719 lagunek eskuratu dute metroa kilometro horietan, baina horiei metroa eskualdetik kanpo eskuratu dutenak gehitu behar zaizkie.

Berezia: Gure Esku Dago


Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago dinamika herriz herri landu da urte eta erdian. Hiru zutarritan oinarritzen da: “Herria gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarron garaia da”. Zutarri horietatik abiatuta, ahalik esparru ideologiko zabalenaren topagune bihurtu gura du. Bide horretan, domekako giza katea, helmuga baino, abiapuntua izango da.


Berriz izan zen Gure Esku Dago dinamika lantzen eskualdeko lehen herria. Ondoren, apurka-apurka, gainerako herriak gehitu zitzaizkion. Harrezkero, hamaika ekimen antolatu dituzte herriz herri giza kateari begira. Esaterako, Zornotzan –800 lagunekin– eta Elorrion –400 lagunekin– giza kate sinbolikoak egin zituzten. Abadiñon  Ricard Vilaregut Asamblea Nacional Catalanako kidea Txanportan egindako mahai inguru bateko hizlarietako bat izan zen.


Giza katea eta ospakizuna
Domekan, 12:00etan hasi, eta 12:30ean amaituko da giza katea. Aurretik, kilometro bakoitzean elkartzeko guneak ipiniko dituzte, eta askotariko animazioa egongo da ekimenari jai giroa emateko. Esaterako, Berrizek  trikitilari, bertsolari eta abarrekin jai giroa sortuko du Muntsarazko bosgarren kilometroan. Hirugarren kilometroan, berriz, Iker Azkorbebeitiak txakurrekin eta antzarekin erakustaldia egingo du bertaratzen direnen gozagarri. Gainera, kilometro bakoitzean informazio guneak egongo dira, eta egunean bertan metroa eskuratzeko aukera eskainiko dute.


Jaialdia Durangon
Giza katearen ostean, bost jaialdi izango dira, horietako bat Durangoko Landako Gunean, 13:30etik aurrera. Bertsolariak, eta Gozategi, Ze Esatek! eta Oxabiren kontzertuak prestatu dituzte, besteak beste. Jan-edanerako aukera ere egongo da: otartekoak zein herri bazkarirako gunea eskainiko dituzte. Gaztetxoenei begira Irrien Lagunen puzgarriak, tirolina, ohe elastikoak eta slackline abentura gunea egongo dira egun osoan.


‘Anboto’-ren jarraipena
Anbotok domekako giza kateari jarraipena egingo dio webgunean: www.anboto.org. Tokikom elkarteko hedabide batzuekin –Goiena, esaterako–, eta Berria eta Argia hedabideekin elkarlanean arituko da giza katearen berri emateko.

Saldutako metroak:

ABADIÑO - 550
ATXONDO - 72
BERRIZ - 275
DURANGO - 1.800
ELORRIO - 795
GARAI - 25
IURRETA - 335
IZURTZA - 38
MALLABIA - 110
MAÑARIA - 104
OTXANDIO - 260
ZALDIBAR - 155
ZORNOTZA - 1.200
                             
GUZTIRA - 5.719
* Eguenera arteko datuak 

 

Gomendioak

• Nor bere kilometrora denboraz heltzeko eskatu dute; ahal dela, 10:00etarako.
• Errepidea zati askotan ez da moztuta egongo. Kontuz autoekin eta autobusekin. Errespetatu segurtasun arauak.
• Kasu egin antolakuntzako arduradunei. Behar bezala identifikatuta egongo dira.
• Zaindu ingurua. Zaborrak bildu eta eraman.
• Autobusek lehentasuna izango dute heltzerakoan zein joaterakoan.
• Eraman ezazu Gure Esku Dago ekimenaren kamiseta jantzita.
• Edariak eraman.
• Eguraldi ona egiten badu, ez ahaztu, besteak beste,
   eguzkitarako babesa, txanoa eta arropa egokia.

 

Eskutik ebatuta

Gorka Camara, Berriz: "Historia berri baten lehen orrialdeak idazten gabiltza"

Berrizen bi urte daroaguz erabakitzeko eskubidearen aldeko lanketa egiten, eta pozik gaude honen guztiaren inguruan sortu den mugimenduagaz. Nik sinesten dut historia berri baten lehen orrialdeak idazten gabiltzala.
Domekan, 09:30ean trena hartu, eta kalejiran joango gara Matienatik Muntsaratzera. Han, besteak beste, Amuriza aita-alabak eta Gorka Lazkano egongo dira bertsotan. Giza katearen ostean, Durangora: disfrutatu eta txanda egitera.

 

 

Maite Ingunza, Zornotza: "Sentsibilitate askotako jendeak erakutsi du interesa"

 Otsailean egin genuen gure lehen ekitaldi publikoa, plazan irudikatutako esku erraldoi bategaz. Ondoren, herriko dendari, tabernari eta jende asko agertzen zen bideo bat egin genuen. Herritarren aldetik interesa ikusten zenez,  kanpoko beste ekitaldi bat egitea pentsatu genuen: maiatzaren 18an 800 zornotzarrek giza kate sinboliko bat osatu zuten Zelaieta parkean. Egia esanda, pozik gaude, sentsibilitate askotako jendeak interesa erakutsi duelako, eta hori zen helburuetako bat.

 

Iker Azkorbebeitia, Abadiño: “Denbora luzeko lanaren ospakizun eguna izango da”

Abadiñon ilusio handiz dihardugu Gure Esku Dago dinamika lantzen.  Gainerako herrietan lez, herritar askoren arteko elkarlanaren emaitza da Abadiñoko dinamika. Hori oso pozgarria da. Domekako giza katea denbora luzeko lanaren ospakizun eguna izango da.Hirugarren kilometroko giroa alaitzeko, esaterako, txakurrekin eta antzarekin erakustaldiak egingo ditugu. Ondoren, ea denok Durangon elkartzen garen jai giroan.

 

 

Nagore Agote, Abadiño: "Giza katea osotzeko Ataunera joango gara"

Mendi Martxak elkarteak kilometro baten ardura dauka Ataundik Lizarrustira bidean, eta bertara joateko gonbita jaso genuen Hamabi Harri auzo elkartean. Izan ere, urtero Abadiñon antolatzen dugun Auzorik Auzo ibilaldian parte hartzen du elkarte horrek. 10:00ak aldean helduko gara bertara Ataunera. Non kokatuko garen jakin eta gero, bueltatxo bat egingo dugu bertako lagun batek prestatu digun ibilbidea ezagutzeko. Hamarretakoa egin eta giza katean ipiniko gara.

 

 

 

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!