Goizetan 11:00etatik 13:00era eta arratsaldetan 18:00etatik 20:00etara, kalean egongo dira Iurretako Gure Esku Dagoko kideak, domekako giza-kateari buruzko informazioa ematen. Urien liburutegiaren ondoan ipini dute mahaia, eta bertan kamisetak eta metroak erosteko aukera ere badago. Metroak erosteko azken eguna barikua izango da, eta bestela, giza-katean bertan egongo da azken aukera. Iurretan 300 metro inguru saldu dituzte.
Giza-katean Abadiñon, 3. kilometroan egotea egokitu zaie iurretarrei. Garai, Izurtza, Mañaria, Abadiño eta Atxondoko herritarrekin batera egongo dira eta kilometro horretarako zapi bereziak prestatu dituzte, metroa erosi duten guztiei dohainik emateko. Asteon Iurretako postutik pasatuz gero, bertan jaso ahal dira zapiak.