Durangon, joan zen astean aurkeztu zuten giza katea. Plateruena txiki geratu zen, ekimenak interesa piztu duen seinale. Badira aste batzuk salmenta abiatu zutela, eta dagoeneko 650 lagunek eman dute izena. Hurrengo asteetan ere metroa erosteko aukera emango dute. Eguenetan eta barikuetan, 19:00etan, Goienkalen eta Andra Marin egongo dira; zapatuetan 12:00etatik aurrera leku berean; eta domeketan auzoetan ipiniko dute mahaia, 12:00etan.
Elorrion ere joan zen astean aurkeztu zuten dinamika, eta 300dik gora herritarrek eman dute izena. Metroen eta kamiseten salmenta barikuetan egingo dute, plazan, 18:30etik 20:30era. Gainera, maiatzaren 23an herri mailako giza katea egingo dute.
Zornotzarrek Bizkargi mendiko jaira eroan zuten aldarrikapena domekan. Izena eman gura duenak domekero edukiko du aukera, 12:00etatik 14:00etara Politena tabernaren aurrean.
Otxandion 120 bat metro saldu dituzte. Gaur mahaia ipiniko dute 19:00etatik 21:00etara, eta hilaren 17an eta 25ean ere bai, 13:00etatik 15:00etara.