Gure azalpenak entzutera 150 lagun batu izanak zenbat poztu gintuen azaltzea ez da erraza. Dinamikaren gaineko nondik norakoak azaldu, Abadiñon erabakitzeko eskubidearen alde lan egiteko herritarren parte hartzea eskatu, gure kilometroko lehenengo bi metroak saldu… gauza askotarako hastia izan genuen 50 bat minutu iraun zuen aurkezpenean.
Unerik politena gure Opil Zati Bat bidokliparen aurkezpena izan zen, azken batean, ‘gurea’ diogunean abadiñar denona dela esan gura dugulako. Bideoklipa ez zegoen guztiz amaituta eta bertaratu zirenen parte hartzea eskatu genuen berau errematatzeko. Kalera irten, bertan batu, irudiak grabatu eta ikusgai duzuen bideoklip horretan txertatu genituen.
Aurkezpenean behin eta berriro errepikatu genuen berba bat ‘parte-hartzea’ izan zen. Herritarrei dinamikako parte izan daitezen eskatu genien, gurea talde irekia dela eta zenbat eta gehiago batu gaia errazago gizarteratuko dugula garbi utziz. Horri lotutako dinamika bat gauzatu genuen; galdera batzuk jasotzen zituen kartulina batean hemendik aurrerako lan ildoak lehentasunen arabera markatzeko, eta, nahi izanez gero, bakoitza zeinetan lan egiteko prest egongo litzatekeen zehazteko eskatu genien. Informazio baliotsua aterako dugu dinamika horretatik.
Orain arte asko egin dugu, baina askoz gehiago geratzen da egiteko. Gogoratu gure esku dagoela eta dinamikak aurrera egin dezan herritarren parte hartze aktiboa behar dela. Beraz, izango duzue gure berri. Eskerrik asko denori eta laster arte!