Gure Esku Dago Giza Katea

“Giza katera itxaron beharrik gabe esan dezakegu dinamika arrakastatsua izaten ari dela”

Anboto 2014ko mai. 27a, 13:41

Angel Oiarbide eta 120 lagunen artean gaur Durangon osatu duten giza kate sinbolikoko irudia.
Erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katea aurkeztu dute gaur Durangoko Landako Gunearen parean. 120 lagunek giza kate sinboliko bat irudikatu dute Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide katearen mutur banatan zeudela. Egun horretara begirako irizpide eta gomendioen berri eman dute. Giza katearen ostean bost jaialdi izango dira, horietako bat Durangon.

Berezia: Gure Esku Dago

Hamaika egun falta dira  erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea helburua duen 123 kilometroko giza katea osatzeko. Ekainaren 8an izango da, Durango eta Iruñea artean. Gaur, Landako Gunearen parean egin dute aurkezpena, giza katea hasiko den tokian bertan. “Azken txanpan sartuta gaude” adierazi du Angel Oiarbide Gure Esku Dago dinamikako bozeramaileak: “Erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dugu oinarri hauekin: herria gara, herritarren garaia da eta erabakitzeko eskubidea dugu”. Ekainaren 8a denbora luzez herriz herri egindako lanaren irudikapena izango dela adierazi du eta orain arte egindako bidea azpimarratu du: “Giza katera itxaron beharrik gabe esan dezakegu dinamika arrakastatsua izaten ari dela; herriz herri egindako lanari esker sentsibilitate desberdinetako jendea norabide berean ipini da eta lan horren argazkirik politena ekainaren 8ko giza katea izango da”.

Giza katearen ostean bost jaialdi egongo direla jakinarazi dute: Durango, Iruñea, Etxarri, Lazkao eta Bergaran. Jaialdi horietara joateko  deia egin diete giza kateko parte hartzaileei: “Denon artean ospatzeko egun bat izango da”. Durangoko jaialdia Landako Gunean eta inguruetan izango da.

Irizpide eta gomendioak

Ekainaren 8an milaka lagun mugituko direnez, jarraitu beharreko irizpide eta gomendioen liburuxka banatu dute. Ahal dela autobusak eta garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute toki askotan enbutuak sortu daitezkeelako. 10:00etarako nor bere kilometroan egotearen garrantzia ere azpimarratu dute.

 

Irizpide eta gomendio guztiak:

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!