Gure Esku Dago Giza Katea

Giza katerako metroa lortzeko aukera hainbat herritan

Anboto 2014ko mar. 20a, 17:47

Abadiñoko Gure Esku Dago ekimeneko taldea, duela hilabete egin zuten aurkezpenean.
Gure Esku Dago ekimena sustatzeko taldeak sortu diren herrietan metroen salmenta eguna izango da domeka. Durangaldean, Abadiñon, Berrizen, Zornotzan eta Iurretan dabiltza beharrean.

 

Erabakitzeko eskubidearen alde lanean diharduen Gure Esku Dago dinamikak Durango eta Iruñea (123 km) giza kate bategaz lotzea gura du ekainaren 8an. Egun horri begira, dinamika sustatzeko taldeak sortu diren herri guztietan metroen salmenta komuna egingo da domeka honetan. Adibidez, Durangaldeko hainbat herritan eskuratu ahalko da metroa: Abadiñon, Berrizen, Zornotzan eta Iurretan.


Abadiñon metroa eskuratzeko gune bi atonduko dituzte domekan, 12:00etatik aurrera: Traña-Matienako Trañabarren kalean eta Zelaietako Txanporta kultur etxearen ondoan. Metroak ez ezik, kamisetak ere lortzeko modua egongo da.

Bestetik, Berrizen ere metroa, kamisetak eta informazioa egongo dira eskuragarri 12:00etatik aurrera, Olakueta plazan. Berrizek Elorrio, Zaldibar, Ermua eta Mallabiarekin osatu behar du kilometroa.

Zornotzan, aldiz, domekan 12:00etatik 14:00etara egongo da metroa eskuratzeko aukera Politenako arkupeetan. Kamisetak ere salduko dituzte.

Azkenik, Iurretan metroen salmenta zapatuan egingo dute, domekan beharrean. 11:00etatik aurrera postu bat ipiniko dute Azkondo kaleko biribilgunearen ondoan. Era berean, otzara baten zozketarako errifak ere eskuragarri egongo dira. 

Ekitaldi nazionala martxoaren 29an
Ondoren, martxoaren 29an, ekitaldi bat egingo du Gure Esku Dago dinamikak Bilboko Casillan, herriz herri egiten ari den lanari bultzada emateko.

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!