Gure Esku Dago Giza Katea

"Erabakitzeko eskubidea desberdinak batzeko gai bat da, ez banantzekoa"

Anboto 2013ko eka. 1a, 08:13

Aurreko legegintzaldian Azpitarte Berrizko alkatea izan zen EAJtik, eta Amezua EAE-ANVko zinegotzia. Politika utzi eta gutxira, \'Gazta Zati Bat\' dokumentala ikusi zuten. Erabakitze eskubidearen aldeko Kantxa Zati Bat ekimenaren bultzatzaileetako bi dira

Aurreko legegintzaldian Azpitarte Berrizko alkatea izan zen EAJtik, eta Amezua EAE-ANVko zinegotzia. Politika utzi eta gutxira, \'Gazta Zati Bat\' dokumentala ikusi zuten. Erabakitze eskubidearen aldeko Kantxa Zati Bat ekimenaren bultzatzaileetako bi dira.

 

“Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea dauka”. Aldarrikapen horretan ideia askotako herritarrek bat egiten dutela jakinda, Idiazabalen Nazioen Mundua egitasmoa sortu zen. Haren berri ematen du ‘Gazta Zati Bat’ dokumentalak. Ekimena ezagututa, antzeko lana egiten hasi dira herri askotan. Berrizen ere bai.

 

Zelan sortu zen Kantxa Zati Bat?

Karmen Amezua: Gazta Zati Bat dokumentala Berrizen eman zutenean, esan genuen halako zerbait egin ahal zela Berrizen ere. Oinarria aurreko legegintzalditik dator. Nahiz eta alderdidesberdinetakoak izan eta gauza askotan irizpide desberdinak eduki, gai izan ginen batzen gintuzten kontuetan bat egiteko.

Jabier Azpitarte: Ulertzen dugu erabakitze eskubidea eskubide unibertsala dela, eta orduan, ez dugu ulertzen politikoki ideia desberdinak izanda ere, eskubide unibertsal baten aurrean hain ikuspegi desberdinak egon daitezkeenik. Erabakitze momentua heltzen denean, egongo dira era desberdinak herri konfigurazio bat ulertzeko, kontua da herriak erabakitzeko eskubidea edukitzea.

 

Zelako harrera eduki duzue herrian?

K. A.: Abenduan ituna kaleratu eta 140 lagun batu ginen Kantxa Zati Baten aurkezpenean. Hor zabaldu genuen gure sukaldeko lana herritarrengana. Fase hori polita izan zen. Berrizko norbanakoengana zuzendu ginen proiektua azaldu eta gonbidatzera, eta egia esan, erantzuna nahiko ona izan zen.

J. A.: Leku guztietara gatazkaren kontrako jarrerarekin joan gara. Norbait deseroso sentitzen bada, haserretzen bada edo ikusten badu mamuren bat, utzi dezala. Bueltatuko gara, eta topo egingo dugu bidean beste batean.

K. A.: Ekimen honegaz bilatzen duguna batzea da. Batzea, hiru puntutan oinarritzen den ideia batean: lehenengoa, Euskal Herria nazio bat dela. Bigarrena, Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea duela, eta hirugarrena, erabakitzeko subjektua euskal herritarrok garela. Horrekin ados dagoen edonor pegon daiteke proiektu honetan. Hau batzeko gai bat da, ez banatzekoa.

 

Adostasunetarako garai egokia dela ikusten duzue?

J. A.: Euskal Herriaren konponbiderako garai txarrik ez dago; garai guztiak eta aukera guztiak dira onak. Hitza gatazkaren giltza bada, eta horretan sinisten badugu, hitz egiteko guneak behar ditugu, eta hori da Berrizen praktikan jartzen ari garena. Lehenengo ekimenetara ez dugu politikaririk gonbidatu, apropos. Nahi duguna da herriak berak eskatu diezaiela politikariei nahi duena, hori delako politika egitea, eta ez alderantziz, politikoek markatzea herritarren erritmoa eta pausoa.

K. A.: Politikatik irten berri, jendeari egitasmoa azaltzerakoan, azpimarratu egin dugu herritar moduan gabiltzala bertan. Udalbatzari ez genion gonbidapen zuzenik egin. Orain bai, batzar bat eskatu diogu udalari, aurkezpen publikotik denbora pasatu da, eta proiektua aurkezteko. Elkarteetara joaten ere hasiko gara bigarren fase honetan.

 

Erabakitze eskubidearen inguruan galdetegia egin duzue. Zer ondorio atera duzue erantzunetatik?

J. A.: Konturatu gara sarritan behar dugula hitzak definitzea. Nahastu egiten dugu eskubide bat, erabakitzea, independentzia... Hemen aldarrikapena erabakitzeko eskubidea da.

K. A.: Estatuekin zelan izango dugun hartu-emana, hori erabakiko da gero. Guk nahi duguna da zalantzak dauzkatenekin hitz egin eta gure azalpenak eman. Zenbat eta talde anitzagoa izan, orduan eta hobeto. Ikusten dugu Europa mailan ere badagoela mugimendua: Eskozian 2014an egingo dute erreferenduma. Katalunian ere batu ziren desberdinak helburu horrekin... Badaude mugimenduak, eta guk ere hor egon behar dugu.

 

Beste udalerri batzuekin batera, Gure Esku Dago ekimena aurkeztu zenuten zapatuan. Zer helburu izango du?

K. A.: Erabakitzeko eskubidearen alde mugitzen gabiltzan herriak gaude bertan; Gure Esku Dago aterki bat da guretzako. Ekainaren 8an, ekitaldi baten elkartuko gara Ficoban, eta bertan kontatuko dira gauzak, aurkeztuko da abesti bat... Bakoitza bere herrian dabil gauzak egiten, baina helburu berberekin. Batzuek, beharbada, ez dute edukiko herri mailan halako ekimenik, baina bat egin gura badu, ekimen global bat edukiko du parte hartzeko. Agian beste herri batzuk ere animatuko dira.

 

Ekainaren 8rako autobusa antolatu duzue Berriztik.

K.A.: Ekimen honetan gauden herriak elkartuko garenez, bai gurako genuke Berriz herri indartsu moduan agertzea. Lortuko bagenuke abenduan ituna sinatu zutenak autobusean igotzea eta Ficoban agertzea erabakitzeko eskubidearen alde dagoen berriztar moduan... Ederra izango litzateke. Gustatuko litzaiguke harro egotea; gure herrian ekimen hau martxan dago, ni partaidea naiz, harro nago, eta agertu nahi dut harrotasunez. Gu hala gaude, harro-harro.

J. A.: 9:30 inguruan irtengo gara autobusean, eta 14:00 ingururako bueltatuko gara Berrizera. Autobusez joan gura ez duenak, kotxez joan eta egunpasa egin dezake. Baina abisatzea eskatuko genioke, jakiteko zenbat berriztar egongo garen.

K. A.: Goiz bateko esfortzua da, baina uste dut polita izango dela, hunkigarria, eta benetan merezi duela.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!