Gure Esku Dago Giza Katea

Zelaieta parkean giza kate bat egingo dute domekan

Anboto 2014ko mai. 15a, 09:19

Ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen alde Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katearen aurrerapen moduan, Gure Esku Dago Zornotza dinamikako sustatzaileek giza kate bat osatzeko deialdia egin dute domeka honetarako.

 

Eguerdiko 13:00etan Zelaieta parkean egin diete bertaratzeko gonbita zornotzar guztiei. Giza katea osatzeaz gainera, askotariko ekintzak antolatu dituzte 11:00etatik aurrera; esaterako, musika, umeentzako tailerrak, eta pintxo eta sagardo dastaketa.

Gure Esku Dagoren kamisetak jantzita joateko eskatu dute. Kamisetak eskuratzeko aukera egunean bertan ere eskainiko dute, eta metroak ere salduko dituzte. Oraingoz, 650 bat lagunek eskuratu dute ekainaren 8ko giza katean parte hartzeko metroa. Kopuru hori nahikoa da kilometro osoa betetzeko, baina zornotzarrak ez dira horregaz konformatzen eta 800 baietz kanpaina abiatu dute: 800 herritar batu gura dituzte euren kilometroan.

Zornotzari Abadiñon dagokio giza kateko laugarren kilometroa osatzea: Zelaietarako sarrerako biribilgunean hasiko da eta Mendiola auzorako sarreran amaitu.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!