ObiAurkeztu dute erabakitzeko eskubidearen alde 2014ko ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen giza katea. Gure Esku Dago plataforman parte hartzen dutenek 123 kilometroko giza katea egin nahi dute erabakitzeko eskubidearen alde. Durangoko Plateruenan egin zuten, zapatuan, aurkezpena.
Dinamikaren sustatzaileen artean, Gazta zati bat dokumentalaren egileak daude, baita Berrizko Kantxa zati bat ekimenekoak ere. Kanpainaren promoziorako abesti bat egin dute Kepa Junkerak eta Eñaut Elorrietak, Kirmen Uriberen letra erabilita. Abesti hori bideoklip bategaz zabaltzen dabiltza, eta dozenaka kulturgilek parte hartu dute.
Mobilizatzera deitu zuten, zapatuan, Plateruena kafe antzokian egindako ekitaldian. Horretarako bi bide dituzte herritarrek: alde batetik, tokian tokiko plataformekin harremanetan jartzea dago. Plataforma bakoitzak zehaztuko die bere herriko lagunei ibilbidearen zein puntutan egon behar duten, datuak hartuko dizkie eta txartel bat emango die, hartutako konpromisoaren adierazgarri. Parte hartzeko bigarren modua Interneten bidez da. Sarean Gureeskudago.net webgunean sartuta, giza katean parte hartu nahi duenak bere datuak eman beharko ditu, eta, eskualdearen arabera, automatikoki ibilbideko leku batzuk proposatuko zaizkio, horien artean bat aukera dezan.
Interneten bidez izena ematen duenak badu beste aukera bat, Hemen behar zaitugu estekan klikatuta: bizilekuaren arabera egokituko litzaiokeen tokiaren ordez, betetzeko zailenak izango diren puntuetako batera joateko konpromisoa hartuko du aukera hori hautatzen duenak. Parte hartzaile guztiei bost euroko diru ekarpena eskatuko zaie. Aurkezpenean, parte hartzeko moduen erakustaldi praktikoa egin zuten, eta, bide batez, lehenengo atxikimenduak jaso zituzten. Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohiak, Eñaut Elorrieta kantariak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak Interneten bidez hartu zuten giza katean parte hartzeko konpromisoa, eta Pedro Ibarra EHUko irakasleak eta Kepa Junkera musikariak gauza bera egin zuten zuzenean txartela eskuratuta.