49. Durangoko Azoka

'Txapeldun'. esfortzuaren gaineko lana estreinatuko dute Szenatokian, domekan

Anboto 2014ko abe. 6a, 10:00
Iazko antzerki maratoiko partaideak. Argazkia: Gerediaga elkartea, Txelu Angoitia


Helburu bat lortzeko egiten den esfortzuaren gaineko lana da Txapeldun. Eneko Balerdi  dantzaria izango da ikuskizuneko protagonista, eta koreografietarako musika Kepa Junkerak konposatu du. Abenduaren 8ko estreinaldian, Junkera San Agustinen izango da, eta zuzenean joko du soinua. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da.

 

Antzerki sustapenari buruz
Kafie eta berbak izenburuagaz, zapatu eguerdian solasaldirako tartea hartuko dute Szenatokian. Aurten, euskarazko antzerkia bultzatzeko ekimenen gaineko mahai ingurua prestatu dute EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak eta San Agustin kulturguneak.

Giro informalean egingo dute solasaldia. Batetik, produkzio berriak sustatzeko Zubi eta Mugalariak egitasmoen antolatzaileak izango dira, eta, bestetik, aurten ekimen horien laguntzagaz martxan dauden antzezlanak eskainiko dituzte. Zubiren laguntza Lauka taldearen Amodioaren ziega lanak lortu du aurten. Donostia 2016ren barruan dagoen Mugalariak programak, berriz, honako lan hauei lagundu die: Artedramaren Etxekoak, Dantzazen Txoriak, Eliraleren Sartie-ka, Rouge Elearen Zuek, eta Itziar Eliasen eta Izaskun Arandiaren Eskutitzak.


Sortzaileengandik gertu
Domekan, antzerki pieza zatiak ikusteko aukera egongo da Szenatokian. Tradizio bihurtzen dabil formatu hau. Eguerdian, 12:00etatik 14:00etara, lau antzezlanen zatiak ikusi ahalko dira. Ordu laurdeneko zatiak izango dira, eta lanen artean sortzaileekin berba egin eta mokadu bat egiteko aukera egongo da. Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, beste lau lanekin osatuko dute antzerki maratoia.

Talde amateurrek zein profesionalek erakutsiko dituzte euren lanak. Tartean, Atx taldeak Arren ganbara eta emeen sotoa lana aurkeztuko du goizean;  Eneko Sagardoy aktore durangarrak parte hartzen du talde horretan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!