‘Pianoa naiz’ kantu liburua da. Zeuk sortutakoak dira kanten letrak eta musikak ere.
Durangoko Rock Izar eskolan dihardut pianoa jotzen ikasten, eta bertako Julio Veigas irakaslearen laguntzagaz konposaturikoak dira kantak. Letragaz istorioa eraiki, eta soinuagaz eta isiltasunagaz jolasten sortu ditut abestiak. Nire zatitxo bat dago disko-liburu honetan gordeta: sentimentu hutsa da liburu hau.
Umeentzako testuak idaztea betidanik izan duzu gustuko?
Asko kosta zait kantu liburu honetarako idatzitakoa erakustea. Orain urte eta erdi idatzitakoak dira bertako letrak. Aurretik, antzerkirako gidoiak idatzi izan ditut. Testu laburrak dira gehien gustatzen zaizkidanak.
Pianoa helduaroan ikasi duzu.
Bai, duela hamar urte inguru, Madrilen bizi nintzela hasi nintzen pianoa jotzen ikasten. Oso gustuko dut, neure buruaren inguruko hainbat gauza ikasi ditut pianoari esker.
Liburuko ilustrazioak Ibon Quintano Sarriugarte zure semeak egindakoak dira.
Bai, eta benetan balio handikoa iruditzen zait Ibonek libururako egin duen ilustrazio lana: marrazki bakoitzak poesia bat dauka atzean. Berlinen bizi da, eta testuak bidali nizkionean bere interpretazioa egin zuen marrazkien bitartez. Oso ondo ulertu zuen nik testuekin eta musikagaz adierazi gura nuena.
Zer irakurlerengan pentsatuta idatzi duzu liburua?
Edozein adineko irakurleentzat dago idatzita: ume jaioberrietatik hasi, eta muga barik.
Azokan, non eskuratu ahalko da zure kanta liburua?
Gerediaga Elkartearen erakusmahaian ipiniko ditugu ale batzuk azoka egunetan salgai.
Nondik datorkizu umeekiko hain hurbileko harreman hori?
Beti eduki izan dut umeekin lotura berezi bat: auzoko ume guztiekin, betidanik; eta ikastoletan ordezkapenak egiten nituenean ere bai, esaterako. Erraztasuna eduki dut beti euren mundua ulertzeko. Eta eurek ni ere ulertzen nautela sentitu izan dut beti: komunikazio oso erraza izan dut umeekin bizitza osoan.
Zelan erantzun dute liburua ikusi edo irakurri, eta musika entzun duten umeek?
Etxeko umeen erantzuna ikusi dut orain arte, eta oso pozik nago: liburuari kontu handiz begiratu diote, eta liburuko pianoak bidaltzen dien mezua jaso dute: “Maite nazazu, ukitzen banauzu, soinua egingo dugu”.
Liburua aurkezteko emanaldirik egiteko asmorik baduzu?
Bai, gustatuko litzaidake liburukoa, bertatik bertara, antzezlan forman aurkeztu ahal izatea.