Durangoko Azokako aurtengo kultura gonbidatua Okzitania da. Hainbat lurraldek osatzen dute Okzitania –Frantzia hegoaldean daude, batez ere–, eta historikoki okzitanieraz berba egin da lurralde horietan. Jean Jacques Casteretek, azokan Okzitaniak izango duen ordezkarietako batek, mahai inguru batean parte hartuko du, domekan, 12:30ean, Kabian.
Zelan hartu zenuten okzitaniako kultura eta hizkuntza azokan ezagutarazteko gonbita?
Iaz azokan izan ginen, Euskal Kultur Erakundeak gonbidatuta. Azoka bertatik bertara ikusi genuen. Aurtengo gonbidapena gogo handiz hartu dugu. Baditugu erakundeak gure kultura eta hizkuntza zabaltzeko egunero lanean dabiltzanak, baina ez hemen beste. Guretzat azoka aukera ederra da Okzitaniako kultura ezagutarazteko eta hemengo errealitatea ezagutzeko.
Kultura bizia dela erakutsi gura duzue.
Bai. Okzitaniako kultura zerbait historikoa balitz bezala ezagutzen da gaur egun, Europako historiaren barruan, baina jendeak jakin behar du kultura eta hizkuntza bizi bat dagoela horren atzean, eta jendea lanean dabilela hori mundura zabaltzeko. Esaterako, literaturaren bidez. Okzitaniako adierazpideak eta dialekto gaskoia zerabiltzan Bernard Manciet idazlea, poeta ezaguna Frantzian, literaturako Nobel saria irabazteko hautagaien artean izan zen orain urte batzuk.
Euskal Herriak eta Okzitaniak zelako hartu-emana izan dute?
Hizkuntzari dagokionez, erromanizazioa baino lehenagokoak dira loturak. Antzina, Okzitaniako Akitania eremuan zegoen hizkuntza eta Pirinioen beste aldean zegoena berbera zela badakigu; gaur egungo euskara garaikidearen jatorria izango litzateke, eta baita okzitanieraren muina ere. Jakina, besteak beste, hartu-eman komertzialak eta kulturalak ere egon izan dira. Historia garaikidera etorrita, esaterako, 1980ko hamarkadatik hona, bateko eta besteko musika taldeen artean hartu-emanak izan dira. Oskorri eta Nadau taldeek kontzertuak eskaini izan dituzte elkarrekin. Gainera, jende gazteagoa ere badabil musika egiten, eta euskal taldeekin elkarlanean.
Zein da okzitanieraren gaur egungo hiztun kopurua?
Oso gaitza da esatea. Ez dago kopuru osoa jasotzen duen ikerketa zientifiko orokorrik. Orain bost urte ikerketa bana egin zen Akitania eta Midi-Pyrenees eskualdeetan; herrialde bi horietan, guztira, sei milioi lagun bizi dira. Ikerketaren arabera, biztanleen%10-12k egunero hitz egiten du okzitanieraz; horiek 700.000 lagun inguru dira. Eta ikerketa beraren arabera,%50 inguru dira gai okzitaniera ulertzeko. Ikerketa horiek ondoren hizkuntza politikak diseinatzeko eta garatzeko helburuz egin ziren. Dena dela, hiztunak gune askotan aurkitu daitezke. Italian okzitaniera dakiten 200.000 hiztun inguru daude. Orain zortzi urte Italia iparraldean egindako Neguko Olinpiar Jokoetan hiru hizkuntza ofizial izan ziren: italiera, piamontera eta okzitaniera.
Hizkuntza politikak aipatu dituzu. Zeintzuk dira politika horien oinarri nagusiak?
Irakaskuntza eta komunikabideak dira jomuga nagusietako bi. Irakaskuntzan badaude aurrekariak, batez ere, 1980ko hamarkadatik hona, baina hizkuntz politika berriekin sostengu eta laguntza handiagoa egongo da. Komunikabideen arloan, hor dugu orain gutxi sortu den eta Durangoko Azokan izango den OC telebista. Internet da bere euskarria, eta dena okzitanieraz da.
Domekan ‘Euskal Kultura eta okzitaniarra sustatzeko tresna digitalak’ izeneko mahai inguruan parte hartuko duzu.
Bai. Nire kideekin batera –EKEko Pantxoa Etchegoien, Azkue Fundazioko Iurdana Acasuso eta Okzitanieraren Kongresuko zuzendari Benaset Dazéas– baliabide digitalek dakartzaten aukeren gainean jardungo dut. Okzitaniak eremu zabal eta handia hartzen du; herrialde
administratibo asko ukitzen ditu, eta horietara heltzeko baliabide egokiak dira.
Iazko aldian ere Durangoko Azokan izan zinen. Zer iruditu zitzaizun? Zer iritzi duzu azokaren inguruan?
Jende gazte asko ikusi nuela gogoratzen dut, eta hori oso ona da. Azoka oso handia eta jendetsua da Durangokoa, milaka lagun batu zituen egun gutxitan. Frantzian zehar, Paris eta beste hiri handi batzuetan, antzeko azokak ezagutzen ditut, baina Durango bezalako herri txiki batean hain maila handiko azoka antolatzea itzela da: liburuak, diskoak, aurkezpenak...