49. Durangoko Azoka

Saguganbara: Sorkuntzagaz jolastuz, transmisioa lantzeko Durangoko Azokako gunea

Anboto 2014ko abe. 5a, 10:58

Gu ere sortzaile eta Egun batez idazle izenburuko tailerrekin abiatuko dute, gaur, lau egunetako programazio oparoa Saguganbaran, txikien eta handien gunean. Durangoko Azokako Ikasleen eguna da gaurkoa, eta Oskar Estanga bertsolaria eta Yolanda Arrieta idazlea izango dira aipaturiko tailer horien gidariak. Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako ikasleei zuzenduriko hiru saio gidatuko ditu Estangak: kanta baten grabazioa landuko dute umeek Gu ere sortzaile tailerrean. Literaturara eta idazketara jolas giroan hurreratuko dira, ostera, Arrietak eskainiko duen Egun batez idazle tailerrean.


Mintzola Fundazioagaz elkarlanean antolatu ditu aurtengo ekintzetariko asko Saguganbara kudeatzen duen Durangoko Berbaro euskara elkarteak.Gurasoek eta umeek kulturagaz goza dezaten atonduriko gune bitan –areto handian eta txikian– abenduaren 8ra arteko egitarau zabala antolatu dute.

Hizkuntzaren transmisioaren eta ahozkotasunaren arloetan indar berezia egin gura izan dute Saguganbaran, 49. Durangoko Azokako egitaraua diseinatzerakoan. Euskararen ahozko tradiziotik abiatuta, gaurko gizarteak ahozkotasunaren arloan dauzkan premiei erantzutea da Mintzola Fundazioaren helburua, eta bide horretan antolatu dituzte hainbat ekintza Sagunganbaran ere.

Mintzola Fundazioaren eskutik hiru saio izango dira bihar: Ipuinak bertsotan izenburuko tailerra gidatuko du Nerea Elustondo bertsolariak, eta inprobisazioari buruzko bi saio egingo dituzte Eñaut Gantxegi antzerkigileagaz. Areto txikian izango dira hitzordu biak. Ahozko transmisioan eragiteko helburuz, beste hiru ekintza ere eroango dituzte Berbarok eta Mintzolak Saguganbarara: 6 eta 9 urte arteko umeak Itxaso Paia bertsolariagaz jardungo dira saio bat prestatzen, bihar. Domekan, berriz, Kulunkantauri k@ntakizuna ikuskizuna eskainiko du Ibai Esoain bertsolariak; eta Begoña Alabazan kontalariaren eskutik, 3 urte arteko umeentzat, ipuin saioa eskainiko dute astelehenean.

Egunero sorkuntza tailerrak, ipuin kontalarien saioak eta musika emanaldiak hartuko ditu, besteak beste, Saguganbara guneak. Gainera, azokan aurkeztuko diren haur eta gurasoentzako hainbat liburu eta diskoren aurkezpenetara ere batuko dira Saguganbaran. Gaur, adibidez, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen sorkuntza berrien aurkezpena hartuko du Saguganbarak. Areto handia txiki geratuko da, seguru.

Haur literaturako hainbat argitalpen aurkeztuko dituzte gune honetan: Ez dut irudimenik, eta zer?, Ilargian kulunkantari, Maddi euskal piratekin, Txomintxo eta Perutxo Iosuri fardela aldatzen, Hiltzaileak eta Marikalanbre bizitzaren laborategian, esaterako.



Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!