49. Durangoko Azoka

'Hegoak erein' jaialdia kulturgileen eta sortzaileen topaleku izango da Plateruenean

Anboto 2014ko abe. 3a, 12:03

Seiurte taldeko kideak, asteon kafe antzokian izan duten entseguan.

Ekitaldi berezia prestatzen dabiltza Plateruena Kafe Antzokian abenduaren 6rako, gaueko 22:30erako. ...eta urte askotarako! diru ekarpen eta borondatezko lan kanpainagaz lotuta dago Hegoak erein jaialdia. Plateruenaren hamargarren urteurrenean bete-betean sartuta dauden honetan, Durangoko antzokiaren inguruan jardun duten hainbat sortzaile eta kulturgile bildu dira jaialdiagaz bat egiteko: Amets Arzallus bertsolaria, Anari abeslaria, Danele Sarriugarte idazlea, Gari abeslaria, Gose taldea, Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslaria, Kukai dantza taldea, Miren Amuriza bertsolaria, Paddy Rekalde idazlea eta Seiurte taldea.

Eneko Sagardoy aktore durangarrak harituko du ekitaldia, eta Igor Elortza eta Peru Magdalena aritu dira gidoigile. Jaialdiaren sinopsian aurreratu dutenez, “euskaldunon kultura berpizkundearen mitoak bizi du. Lur jotze eta hegaldatze etengabean dabil; lurperatu ere egin nahi izan dute sarri. Baina beti egin du haizetara”. Beraz, ideia horretatik abiatuta jarri diote jaialdiari izena. Ondoren, Jon Eskisabelek Hamar Urteko Gaua musika saioari ekingo dio, gaua biribiltzeko.

Azoka egunetako kontzertuak

Platerueneko oholtzak bestelako kontzertu eta ekitaldiak ere hartuko ditu Durangoko Azokaren egunetan. Euskal musikagintzan dabiltzan hainbat taldek beraien nobedadeak zuzenean aurkezteko baliatuko dituzte lau egunak. Hesian eta Vendetta taldeek abenduaren 5ean eskainiko dute kontzertua. Abenduaren 7an, berriz, Gernikako Gatibu taldearen txanda izango da. Sarrerarik eskuratu ez dutenek gaitz izango dute txartela lortzea, orain aste batzuk agortu zirelako. Saioa taldeak Bi lana aurkeztuko du abenduaren 7an, 14:00etan. Kamila Zubeldia eta  Marieder Iriart dira taldeko kideak. Durangoko Azokako egitarauagaz amaitzeko, Nafarroako Kometa taldeak zuzenekoa eskainiko du 19:00etan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!