Ander, zer gosaltzen duzu?
Orain dela gutxira arte ez nuen gosaltzeko ohitura handirik. Erretzailea nintzen, eta urtetan kafea eta zigarroa izan da nire gosaria. Ohiturak aldatu ditut, eta orain laranja zukua, kafesnea eta ogi txigortua marmeladagaz jaten ditut. Gosaria baino lehen, yoga ariketa batzuk egiten ditut.
Egunkariagaz, telebistagaz edo irratiagaz gosaltzen duzu?
Ezer barik. Isiltasuna asko estimatzen dudan gauza bat da, bai etxean, bai kanpoan.
Zelan sortu zen ‘Gosariak’ lantzeko elkarlana?
Gose taldekoak ezagutu nituenetik, beti eduki dugu zerbait elkarrekin egiteko asmoa. Baina ni beti lanpetuta ibili naiz nire proiektuekin, eta ezin izan dugu gauzatu. Kolaboratu bai; adibidez, Miren Gaztañagak eta biok beste disko batean kantatu genuen. Oraingoan, Katuen kantua abestia nire emaztearen ahizparena da, eta nik gauza komiko batzuk egitea gura zuten. Sarrik poliziaren, gidariaren eta katuaren ahotsak irudikatzen zituen, eta nik sartu ditut. Gosariak diskoa atera ostean, eszenan nigaz zerbait egin gura zuten, antzerkira eroatea nahi zuten. Teatroak eta musikak funtzionatzeko era oso desberdina dute. Gu proiektuekin urte biko epean ibiltzen gara dantzan, eta besteek lankidetza eskatzen didatenean, beharbada, ezin izaten dut. Orain, datorren azaroan egingo dudan obra prestatzen nabil. Azkenean, sare batean gaude. Proiektua pentsatu, idatzi eta saldu egin behar da.
Aipatu duzun obra horretaz zerbait aurreratzerik bai?
Jon Gerediagak idatzi duen Etxekoak lana prestatzen nabil. Afrikar bategaz maitemintzen den neska bat da, eta etxera ekartzea zein gaitza bilakatzen den kontatzen du. Hori euskal ikuspegitik ikusita. Zer suposatzen duen beltz bat ekartzeak, nortasun kontua...
Baina ez zabiltza horretan bakarrik, ezta?
Senpereko talde bategaz Hazparneko anderea zuzendu dut, eta Lauka antzerki taldekoei kanpo begiradagaz laguntzen nabil. Amodioaren ziega estreinatuko dute laster. Aulestiko topaketak eta Leioako Kultur Maratila antolatzen ere banabil. Saltsa-maltsa askotan nabil.
Hainbat pertsonaiaren azalean ikusi zaitugu. Baduzu mugarik? Beti esperimentatu behar da?
Kostatzen den gauza bat da. Izan ere, 25 urte daroadaz antzerkian, eta pertsonaia asko egin ditut. Nire maletan daude, baina beti dago gainditzeko ideia hori, zerbait ederra emateko gogo hori. Adibidez, Etxekoak lanean anaia arduratuaren pertsonaia da nirea, eta beste formula bategaz egin beharko dut lan. Asier Altunaren filmean ere anaiarena egin dut, baina zineman pertsonaia eraikitzea desberdina da.
Eta Juan Junda eta gainontzeko pertsonaia horiek bizi propioa hartzen al dute?
Ez, nahiko diskretua naiz. Antzerkiari ordu asko eskaini arren, uste dut oso garrantzitsua dela bizitza eta antzerkia bereiztea, bestela jota geundeke! Egunero jendea zuri begira dagoela pentsatzea psikotikoa litzateke. Batzuetan gertatzen da egiten zabiltzan obrako testu batzuk etortzea. Hamlet egitean, Urko Redondok azentu desberdin bat erabiltzen zuen, eta, azkenean, egunerokoan denok erabiltzen genuen.
Bizitzak eta antzerkiak erritmo desberdinak dituztelako, ezta?
Publikoaren aurrean kontzentrazioa behar duzu. Adibidez, azken urte bietan nahiko txarto pasatu dut eszenara irten aurretik. Urte honetan ez dut ezer egingo taula gainean, eta, beharbada, behar nuen atseden hori. Azkenean, tentsio eta ardura handia da, gehienbat norberak bere buruari jartzen diona. Hori bai, oso esker oneko ofizioa da, gustatzen zaizuna egiten duzu.
‘Hamlet’ obran sorpresaren sekretua gordetzeko eskatu zenieten ikusleei. Funtzionatu zuen?
Bitxia da, baina bai. Uste genuen lauzpabost emanaldi egin, eta zabaldu egingo zela. Eduki genituen gure debateak, baina Hamlet bat zela iragartzea erabaki genuen. Pena apur bat ematen dit pentsatzeak bigarren plano batean ez ote den geratu ukitzen duen gai soziala. Baina jendea sorpresagaz harrapatzea hautu bat izan zen. Batzuei asko gustatu zitzaien, beste batzuei ez. Teatroa hori da, ezin dituzu guztiak %100ean pozik utzi. Gure teatroak beti du profil probokatzaile bat, autokritikoa, zerbait mugitzen duena, batzuetan iluna, desfasatzen dena... Artea egiten gabiltza!
Horrek gazteak erakartzeko balio du?
Hori da gure nahia. Obra informalagoak gazteei gehiago gustatzen zaizkie. Testu freskoak behar dira, eta gakoak bilatzen gabiltza. Adibidez, bitartekotza lanak egiten ditut elkarteekin, tailerrak ematen ditut... Markinako antzerki taldera astero joaten banaiz, eta motibazio bat sortzen badut, hamabost pertsonako talde horrek bere lagunak dakartza. Publiko bat erakartzea eta hezitzea da. Hegoaldean antzokiak gero eta beteago daude, baina Iparraldean aldrebes: hori kezkagarria da. Senpereko ikastetxean bitartekotza lanak egiten nabil euskara irakasleagaz, eta antzerkigintza ematen diet hilean birritan. Teatroari bere dimentsioa eman behar genioke. Gizarte baten ispilu izan daiteke, sentimenduei buruz berba egiteko, euskara erabiltzeko...