49. Durangoko Azoka

Mocker's: "Rock-and-rollaren benetako esentziaren bila, estudioan zuzenean egin genuen grabazioa"

Anboto 2014ko abe. 7a, 10:00

Jon Garcia abeslari eta bajistak aurkeztu digu Mocker’s taldearen ‘Percute animas’ disko berria. Gaur 15:40an eskainiko dute kontzertua Ahotsenean

Noiztik duzue diskoa prest?
Abuztuan amaitu genuen, eta ordutik hona azaleko diseinuagaz ibili gara bueltaka. Hainbat aukera izan ostean, hartu dugu erabakia azkenean: belagile bat agertzen da, eta kolore berde psikodelikoa eman diogu.

Hasierako ‘The’ artikulua kendu, eta ‘Mocker’s’ izenagaz ibiliko zarete aurrerantzean?
Bai, diskoa kaleratzeko, The Mocker barik, Mocker’s izendatu dugu taldea. Izan ere, izen bereko hainbat talde zeuden Interneten, eta nahasgarria zen. Izena aldatzea ere eztabaidatzen ibili ginen, baina egokiena artikulua kentzea dela erabaki dugu.

Nondik dator diskoaren ‘Percute animas’ izenburua?
Diskoaren azalagaz dauka zerikusia: sorginkeriagaz. Greban dauden arimak esan gura du izenburuak. Horregaz entzuleei bidali gura diegun mezua zera da: ezin gara besteen nahien arabera bizi, geure kabuz pentsatu eta jardun behar dugu.

Zelakoa izan da diskoaren grabazio prozesua?
Sopelako  Sweet Saul Music estudioan grabatu dugu, eta benetan esperientzia polita izan da. Saul Santolari teknikariak proposatu zigun, “benetako rock-and-
rollaren esentziaren bila”, dena batera grabatu genezala: kontzertu bat balitz bezala. Hasieran zalantza egin genuen, baina Saulek proba egitera bultzatu gintuen. Pozik gaude emaitzagaz.

Noiz egin zenuten grabazioa?
Uztaileko azken astean eta abuztuko lehenengoan ibili ginen grabazioetan. Zornotzako jaietan jo, eta hurrengo astelehenean hasi ginen grabatzen. Hirugarren astea nahasketak eta aldaketak egiten eman genuen.

Durangoko Azokan, Ahotsenean aurkeztuko duzue diskoa.
Bai, aukera itzela da Euskal Herriko hainbeste txokotako jendearengana ailegatzeko. Beharbada, ordua ez da onena, baina guk dena emango dugu. Domekan, 15:40an joko dugu, Ahotsenean. Emanaldiak ordu erdikoa izan behar duenez, diskoko abesti bat kanpoan utzi beharko dugu.

Zelakoak dira diskoko kantak?
Orain bi urte inguru ondutako kantak dira: denbora luzez landutakoak. Hard bluesa, progresiboa, rock-and-roll gordinagoa, abesti lasaiagoren bat... Denetarik dago. Gaiak ere askotarikoak dira: maitasunari buruzkoak, gainditzeari buruzkoak... Esaterako, politikariei eginiko kritika ironikoa da Heroiak.

Latinezko izenburua duen kanta bategaz hasten da diskoa.
Bai [barrez]. Ritxik idatzirikoa da Lupus Canis Non Familiaris. Txakurrak ez direla lagunak esaten du letra horrek: poliziaren bortizkeria kritikatzen du.

Jendeak badu diskoaren inguruko jakin-minik?
Kontzertuak eskaini ditugun lekuetan, batez ere, musikaren inguruan dabilen jendeak zera esan digu: “Ia noiz eskuratu genezakeen diskoa!”. Oso betegarria da guk sinesten eta egiten dugun hori jendeak gogoko izatea. Itzela da!

Durangaldeko II. Maketa Lehiaketako saria lagungarri izan duzue proiektua gauzatzeko?
Bai, noski! 1.500 eurokoa izan zen saria, eta oso lagungarri izan dugu. 500 kopia atera ditugu, eta bost euroan egongo dira salgai Durangoko Intxaurre tabernan eta Gozotxori dendan, Berrizko Fonda tabernan, eta Zornotzako Pozu’s Lounge tabernan eta Gozotxori dendan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!