Historia eta fikzioa uztartu dituzu zure lehenengo nobelan.
Bai, pertsonaia historikoen asmoak eta arrazoiak nobelatzea izan da asmoa, 1190. eta 1199. urteen arteko gertakizunak kontatzeko. Ez naiz Historian lizentziatua, eta nobela generoa aukeratu nuen kontatu nahi nuena azaltzeko, historia lantzeko, esparru malguagoa uzten zidalako. Gustu eta plazer handiz egin dut.
Zerk bultzatu zaitu ‘Erresumaren ilunsentia’ idaztera?
Abadiñon egin genuen toponimia lan bat da sorburua; XV. mendetik Abadiño izen horregaz agertzen dela ikusi genuen dokumentazio lan horretan. Horretan genbiltzala, Jose Luis Lizundiak Toponimia medieval en el País Vasco liburua utzi zidan, eta han aurkitu nuen “Aiçlucea, Aitçlucea, Aççluce, Atçluçea, Ailluçea tenentzia”. Astxiki mendian gaztelu-haitz bat zegoela entzuna neukan, eta banekien, 1994an, inguru horretan egindako indusketetan agertu ziren aztarnak eta Eskoriatzako Astxorrotzen jasotakoak berdinak direla. Jakin-min handia sortu zitzaidan, eta ikerkuntza abiatu nuen 2011ko udan.
Nafarroako Erresumak zelako presentzia eduki zuen gurean?
Nafarroako tenentzia zegoen hemen, eta bide inportanteak igarotzen ziren Durangaldetik; lautada eta kostaldea lotzen zituztenak. Erresuma baten barruan gotortuta zegoen gurea lako inguru bat erresumatik kanpo geratzeko zer gertatu zen, zelako zirrikitu eta traizioak gertatu ziren, jakin guran hasi nuen liburua. Petro Latroneren traizioaren zantzuak egon badaude. Bestalde, 1195ean Alarcosko gudari gurutzada kategoria eman zioten, eta Nafarroako erregea ez zen joan; izan ere, harreman onak zituen almohadeekin. Antso erregeari eskumikua eta herritarrei interdiktua ezarri zizkietela ere jasota dago Aragoiko dokumentuetan. Erresumako herritarrei elizara joatea debekatzen zieten interdiktuagaz.
Oso ezezaguna zaigu askori gure historiako parte hori.
Bai, eta neuk ere asko irakurri behar izan dut. Liburua idazten hasi orduko, hamaika txosten eta liburu irakurri dut. Asko ikasi dut. Edonola ere, Ailluzeko dorrearen berri lehenengoz aitaren ahotik jakin nuen, 19 urte nituela: “Hemen dorre bat egon ei zunan sasoi batean”, esan zidan.
Euskal literaturan ez da ohikoa gai hauek lantzea.
Ez da ohikoa nobela kokatzeko hautatu dudan sasoi historikoa aukeratzea. Gogoratzen dut umetan abenturazko zinema gustuko genuela, eta liluratu egiten gintuztetela Robin Hood eta antzeko protagonista abenturazaleek. Gero konturatzen zara han agertzen zen Richard I Lehoi-bihotza erregea Nafarroako Berengelagaz ezkonduta zegoela, eta gure historiagaz harremana zeukala. Nafarroako erregearentzat galera handia izan zen Durangaldea Gaztelako Erresumaren menpe jaustea. Baina herritarrentzat zer suposatu zuen? Gure jatorriari buruzko kontzientzia galdu genuela uste dut nik.
Gizarteko maila guztietako pertsonaiak daude liburuan.
Bai, herritar xumeen inguruko istorioekin abiatu nuen liburua, eta, hasieran alferra ematen bazidan ere, erregearen inguruan ere egituratu dut liburuko trama. Alde horretatik, nobelan ikusten da XII. mendeko gizartea zelan zegoen araututa. Abadiñok gerora sei errejidore zeuzkan, esaterako: elizate edo auzune bakoitzak bana.
Urazandi izena duen eremuan kokatu dituzu nobelako gertakizunak.
Bai, Urazandi auzoan. Liburuaren hasieran ematen dut istorioa eta historia kokatzeko mapa bat. Leku estrategikoa zen: hemendik igarotzen zen, esaterako, Aramaiorako galtzada; eta gertutik, Arrazolatik, Asuntsatik igarotzen zen baita, Urkiolatik Aramaiorako errege-galtzada.
Pertsonen arteko harremanen ingurukoa ere bada nobela: giza harremanei eta botere harremanei buruzkoa.
Bai, denetariko pertsonaiak eta harremanak agertzen dira: traidoreak, diru gosea zeukatenak, serorak, etxagunak... Denak agertzen dira. Eta nobelaren argumentuari intriga ematen diote euren arteko harremanek. Sasoiko kulturen elkarbizitza erakusten duten lau hizkuntzatan harremantzen dira pertsonaiak. Eta Durangaldeko esamoldeak eta lexikoa ere sartu ditut.
Liburua Txalaparta argitaletxeagaz kaleratzeko aukera zelan sortu da?
Liburuaren lehenengo bertsioa bidali nuen argitaletxeetara, eta Txalaparta argitaletxekoek erantzun zidaten gaia eta garaia interesgarria iruditzen zitzaizkiela esateko. Baina zera galdetu zidaten: “Hau zer da? Saiakera bat ala zer?”. Nobela egitea erabaki nuen une horretan, eta hainbat pertsonaia sortzeari ekin nion: horrela sortu nituen itsua eta serorak, esaterako.