Iaz Ahotsenea gaztetxearen parean egon zen, eta leku horrek hartuko du musika emanaldien karpa. Liburuen inguruko solasaldietarako, ostera, Elkartegi alboan bigarren karpa bat ipiniko dute. Lutxo Egia Ahotseneako koordinatzaileak azaldu duenez, izena eman duten artista guztiei lekua egiteko erabaki dute aurten karpa bi ipintzea. Izan ere, irailaren 15ean hasi zuten izen-ematea, eta egunean bertan bete zen egutegia: hainbat sortzaile leku barik geratu ziren. Horrela, iaztik martxan zegoen gogoeta bati bide eman diote. “Guretzat lehentasuna zen sortzaile guztiei aukera ematea”, dio Egiak. Horrela, “eskaintza errealagoa eta orekatuagoa” emango dutela uste du.
90 emanaldi
55 kontzertu eta 35 aurkezpen eskainiko ditu Ahotseneak abenduaren 5etik 8ra bitartean. Beraz, 90 emanaldi egongo dira beste hainbeste sortzaileren eskutik. Inskripzioa librea denez, hamaika koloreko eskaintza sortzen da, estiloa eta moldeak kontuan hartuz gero.
Barikuan Revolta Permanent hip-hop taldeak, Las 2 D/Bi Deak kubatarrak eta Enkore rockzaleak egongo dira, besteak beste, musikaren karpan. Solasaldietan Entzun aldizkarikoak eta Pako Aristi ariko dira.
Zapatuan Berri Txarrak musika taldeak zabalduko du eguna, Denbora da poligrafo bakarra diskoa aurkezteko. Elorrioko Iheskide taldeak ere joko du euren zaleen aurrean. Fito Rodríguez eta Danele Sarriugarte izango dira, berriz, solasaldietako sortzaileetako bi.
Domekan, Durangaldeko Mocker’s eta Maialen Errotabehere igoko dira Ahotseneako taulara, eta Xabi Solanok eta Patxo Telleriak bigarren karpan berba egingo dute.
Astelehenean, Inun bakarlari zornotzarra eta On musika taldekoak gerturatuko dira, baita Jon Arretxe eta Eider Rodríguez idazleak ere.
Urteko emaitza
“Urteko emaitza formatu ugaritan aurkezteko leku bat” izango da aurten ere Ahotsenea, Egiaren esanetan. Hain zuzen ere, izaera horrek eragina eduki du Durangoko Azokan, eta bestelako guneen sorreragaz aldaketa nabaria izan du azken urteetan. Koordinatzailearen ustez, “guneen ereduagaz azokaren gaineko pertzepzioa aldatu da”.
Gainera, Egiaren iritziz, “sortzaileek aukera gisa ikusten dute Ahotsenea”, hasiberria edo esperientziaduna izan, zaleekin tratu zuzenagoa edukitzeko aukera ematen dielako.