49. Durangoko Azoka

Anuntxi Arana, antropologoa: "Kondairak apaindura bakoak dira, baina aldi berean literarioki ederrak"

Anboto 2014ko abe. 6a, 10:00

Anuntxi Arana antropologoak jasoko du Durangoko Azokako Argizaiola saria. Gaur, zapatua, 20:00etan izango da gala San Agustin kultur gunean. Frantses filologian lizentziatua da, eta AEK-ko irakasle izan da Baionan (Lapurdi), eta baita EHEko kide ere. Gainera, bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministan ibilitakoa da.



Zer sentitu zenuen Argizaiola saria jasoko duzula jakinarazi zizutenean?
Lehen sentsazioa harridura izugarria izan zen. Ondoren, poza eta Gerediagarekiko esker ona sentitu nituen. Aurreko urteetan saria nortzuek jaso duten ikusita, ohoratua sentitzen naiz, egia esanda. Eguna hurreratzen doan heinean, larritasun puntu bat ere sentitzen dut.

Toki askotako mitologia aztertu duzu zure ibilbidean, tartean baita Anbotoko Marirena ere.
Mito hurbilak liburuan idatzi nuen berari buruz. Anbotoko Mari edo Anbotoko Dama, bietara deitzen diozue zuen inguruan. Beste toki askotan ere inkestatxo bat egina dut, eta Anderea, Señorea edo Dama deitzen diote. Mari ere erabiltzen da, baina tradizioan gehien erabili diren izenak beste horiek dira.

Laster hogei urte beteko dira ‘Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa’ doktorego tesia egin zenuenetik. Zelan gogoratzen duzu zure bizitzako etapa hura?
Oso oroitzapen onak ditut. Istorio berririk ez nuen aurkitu, baina bai istorio berberen bertsio desberdinak. Oso interesgarria da ikustea istorio berak hainbat interpretazio izan ditzakeela toki batean edo bestean. Niretzat aberasgarria izan zen kanpo lan hori egitea; beste modu batera begiratzen diezu istorioei. Esaterako, jendeari istorioa bertatik bertara entzuten diodanean, edo esaten didatenean eurei nork kontatu zien, edo zergatik sinesten duten edo zergatik ez, kontu guzti horiek istorioei beste era batera begiratzeko aukera eman didate. Hori guztia ez da bilduma zaharretan aurkitzen. Esperientzia horiek bizitzea zoragarria da.

Zientziaren eta aurrerapenaren gizartean bizi gara. Orduan aurkitu zenituen kontalarien pasioak badu tokirik belaunaldi berrietan?
Ez du izango tradizioan izan duen tokia. Tradizioan istorio horietan sinesten zen, gaur egun elektrizitatean sinesten dugun moduan. Nire ustez, ez du berriro sasoi haietako rolik izango. Su bazterrean edo arto zuriketan istorioak kontatuta ematen zen transmisioa, eta kate bizi hori eten egin da. Orain idatzita geratzen dira. Horrelako kondairak herrialde bateko historiaren parte dira. Kondairak izugarri ederrak dira, apaindura edo sasi-lirismo bakoak, baina aldi berean literarioki ederrak. Gauza horiek inportanteak dira, eta eskolan irakatsi beharko lirateke, nire ustez.

Baduzu proiektu berririk esku artean?
Udaberrian liburu bat argitaratzeko asmoa dut. Hilak mundu honetara bisitan etortzen direnean zelan agertzen diren, zelako agerpenak dituzten eta beste izaki mitikoekin zelako hartu-
emana duten landuko dut, adibidez.

AEKn urte askoan ibilitakoa zara. Euskarak zabaltzeko dituen zailtasunen artean sarritan aipatzen da ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen desoreka.
Bai, ados nago. Euskararen etorkizuna ziurtatzeko gainditu behar den arazo nagusienetakoa da hori. Jakin bai, baina, gero egunerokotasunean erabiltzen ez badugu, jai dugu. Euskalgintzarentzat euskara indartzea lan berria izan da. Kemen handia erakutsi da ikastoletan, baina jendartea ez dago ikastetxeetan bakarrik. Ikastolek euskararen erabilera ziurtatuko zutela uste zen, baina ikastolek euskaren jakintza ziurtatu dezakete, ez erabilera. Pertsona helduok euskaraz aritzeko erantzukizuna dugu, ez umeekin bakarrik, baita geure artean ere. Familia transmisioa oso inportantea da. Eta saltoki handi zein txikietan dagoen hutsunea handia da. Esaterako, oso jatetxe gutxitan ikusten dut menua euskaraz. Euskaraz egingo dizute, baina menua gaztelaniaz aurkituko duzu. Bestetik, sektore publikoak ere bere erantzukizuna du, jakina. Administrazioek asko dute egiteko, ondoren, sektore pribatuan euskara erabili dadin.

Mugimendu feminista ere gertutik ezagutzen duzu. Berdintasunaren aldeko borrokan ere badago bidea aurretik.
Hezkuntza oso garrantzitsua da; esaterako, mutilek neskek baino espazio askoz gehiago hartzen dute beren jolasetarako. Testuliburuetan ere generoen arteko rol banaketa egoten da. Edo mutiko zein neskato horiek ikusten dituzten iragarkietan neskei Barbie panpinak saltzen dizkiete, eta mutilei action man jostailuak. Txiki-txikitatik gaude murgilduta bi roletan banatua den jendartean. Eta haurrek hori dena ikasten eta jasotzen dute.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!