Azken urteotan belaunaldiartekotasuna lantzen ibili dira Lauaxetako ikasleak, eta horrela jaio da nobela idazteko ideia. 2012an Francisco Javier Landaburu Civis saria irabazi zuten. Sariketa horren bidez, ikasgeletan garatzen diren bazterkeriaren kontrako ekimenak saritzen dira, eta ikastolako ikasleek belaunaldien arteko harremanei buruzko proiektu bat aurkeztu zuten. Belaunaldiartekotasuna lantzeko bost ekintza proposatu zituzten bertan, eta ekintzetako bat zen gaiari buruzko liburua idaztea.
Liburua urriaren 17an aurkeztu zuten, BECen antolatu zuten Nagusi Azokan, eta Durangoko Azokan autoekoizpenerako atondu duten gunean egongo da eskuragarri. Ikasleek idazle baten prozesua zelakoa den ikasi ahal izan dute: liburuaren prestakuntza eta aurkezpena egina dute dagoeneko; orain promozio prozesuan daude.
Aitita-amamei elkarrizketak
Ane Atxutegi batxilergoko ikaslea da idazleetako bat. Oso pozik dago emaitzagaz: “Duela bi urte esan izan bazenit, ez nizun sinistuko”, dio. “Nahiko harrituta gaude denok, oso ondo irten delako liburua. Itzela da etorkizunerako hor geratuko dela ikustea”.
Batxilergoko eta DBHko ikasleen artean sortu dute Klarinete zaharra. Emilioren bizitzako pasarte asko ikasleen aitita-amamek kontatutakotik irten dira: “Batxilergoko ikasleok galderak prestatu genituen, eta DBHkoek aitita-amamak elkarrizketatu zituzten”. Informazio horregaz, adibidez, belaunaldi horren umezaroa, gerra urteak eta eskola garaia zelakoak izan ziren ikusi ahal izan dute, eta Emilioren bizitzara eroan.
Eskola orduetatik kanpo egindako beharra izan da, eta ikasleen idazlanak Iban Auzokoa euskara irakasleak eta Nahikari Yubero gaztelania eta literaturakoak koordinatu dituzte. Idatzitakoari zuzenketak egin, eta liburuari hari bat emateko koordinazio lana egin dute bi irakasleek.