Elvira Ortega, Kurutziaga okindegia: "Gure bezeroa gazte jendea da"
Kurutziaga okindegiak bikoiztu egiten du generoa azoka egunetarako. Dendaren ordutegia ere handitu egiten du, goiz eta arratsaldez, egun guztietan. Bereziki gazte jendea dela euren bezerorik fidelena azpimarratzen dute.
Durangoko Azokara begira zerbait berezia egiten duzue?
Bereziki opilak egiten ditugu gehiago. Bikoiztu egiten dugu produkzioa. Napolitanak, donutsak, enpanadak… Txorizo ogitartekoak, txoripanak, esaterako, egun horretan bakarrik egiten ditugu. Dena dela, denetarik saltzen da asko. Batez ere gazteak datozen egunean. Aurten ere badago egun hori?
Bai, abenduaren 5ean da Ikasle eguna.
Guretzat egun hori da jendetsuena. Egia da ez dela hasierako urteetan bestekoa. Krisia igarri da hor ere. Baina gazteek opilak gogotsu erosten dituzte. Gure bezeroa gazte jendea da. Gero, beste faktore garrantzitsu bat eguraldiarena da. Horrek ere eragin handia izaten du salmentetan.
Okindegiko ordutegia moldatzen duzue Durangoko Azoka dela-eta?
Bai, jakina. Goizeko 07:00etatik gaueko 21:00etara egongo gara zabalik. Zapatu eta domeketan urteko beste sasoietan itxita egoten gara. Baina azoka egunetan asteburuan ere goiz eta arratsaldez zabaltzen dugu.
Durangoko Azoka esanda, zer datorkizu burura?
Diru kutxa betetzeko egunak.
Irune Ramirez, Qukoa arropa denda: "Azokaren inertziak bi aste irauten ditu"
Azoka egunetan bakarrik ez, ostean ere salmentetan igarri egiten dute Qukoan kulturaren plazaren itzala. Durangoko merkatari gehiago animatuko lituzke jai egun horietan zabaltzera, bisitariak erakartzeko beste aitzakia bat izango litzatekeelakoan.
Durangoko Azokarako zelan prestatzen duzu denda?
Lan txandak handitu egiten ditugu, eta eskaparatea ere aldatu egiten dugu.
Zergaitik?
Azokara datorren publikora egokitzeko. Guk bi erakusleiho ditugu, eta azoka egunetan estilo informalagoa aurreko erakusleihoan jartzen dugu, halakoa delako publikoa ere.
Eta ordutegia nola moldatzen duzue?
Goizeko 10:00etatik 20:00etara zabaltzen dugu, eguerdietan itxi barik. Standetan lanean dabilen jendea etortzen delako bisitan.
Bezero fidelak dituzue?
Bai, urtero datozenak. Eta gero bitxia da azokaren inertzia. Bi aste irauten du. Azoka amaituta, erakusleihoan ikusi zutena erostera etortzen dira bikote askoren mutilak.
Merezi du orduan azokan lan egiteak.
Bai, zalantza barik. Beste denda askok aukera hau nola ez duten aprobetxatzen pentsatzen dut batzuetan. Azokara jende mota asko dator, eta horietako askok gustura paseatzen dute Durangotik, eta dendak zabalik egonez gero, buelta hori luzatzeko aitzakiak ematen gabiltza. Hori guztia ondo datorkigu.
Mikel Galvan, Centro Palentinoko tabernaria: "Bost asteko lau egunetan behar dugu"
Bost asterako jatekoak eta edatekoak erosiko dituzte Centro Palentinon, hori delako azokako lau egunetan saltzen dutena. Erritmo bizia izaten dute, batez ere sukaldean, salda bero eta ogitartekoen artean. Merezi duten lan askoko egunak direla aitortu dute, baina.
Zelan prestatzen zarete azokara begira?
Biltegia jeneroz betetzen. Urtean bost asterako behar dugun jeneroa lau egunetan behar dugu. Hortik atera kontuak.
Zer esaterako?
Salda beroa asko saltzen dugu. Gero ogitartekoak, solomoa, tortillak… Zoratzekoak izaten dira azoka egunak.
Ordutegia aldatu egin behar izaten duzue?
Goizago zabaldu eta beranduago zarratzen dugu. Goizeko 09:00 inguru hasten gara armosuekin, eta, gero, batzuetan goizaldera arte egoten gara. Lan askoko egunak dira, baina merezi du.
Zelako jendea sartzen da? Euskal intelektualen elkargune zaretela esan izan da.
Hori aipatu ziguten iaz egin zizkiguten elkarrizketetan. Darabilgun lan erritmoagaz batzuetan ez gara konturatzen nor sartzen den.