49. Durangoko Azoka

Gaur goizean irekiko ditu ateak Durangoko Azokak

Anboto 2014ko abe. 5a, 09:23

10:30ean, irekiko ditu ateak Durangoko Azokak. Publiko osoarentzat egongo da zabalik, baina ikastetxeetako gazteek protagonismo berezia izango dute.

49. Durangoko Azoka gaur 10:30ean zabalduko dute, eta hortik aurrera jardueraz betetako lau egun etorriko dira. Gaur Ikasle Eguna izango da, eta goizean milaka ikasle espero dituzte antolatzaileek. Euskal Herriko osoko 36 ikastetxetik etorriko diren 1170 ikaslek, baina, azokako gune guztiek elkarlanean antolatu dituzten tailer eta ekitaldietan parte hartuko dute. Hala ere, Azoka publiko osoarentzat zabalduko dute. Horrela, bisita eta erosketak egiteko laneguna aprobetxatu ahal dutenek ere aukera izango dute.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala 18:30ean hasiko da Areto Nagusian. Erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariek parte hartuko dute ekitaldian. Sarrera-hitzaldia, berriz, Sèrgi Javaloyèsk emango du. Okzitania da 49. aldiko kultura gonbidatua eta Occitánia, mei qu'un pais, un orizont cosmopolita ('Okzitania herrialde batetik haratago, etorkizun kosmopolita') izeneko hitzaldia eskainiko du.

Euskotrenek zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an Azokarako joan-etorriak errazteko. Azokaren ondorioz, abenduaren 5etik 8ra itxita egongo dira Durangoko kale batzuk udalak jakinarazi duenez.

Gazteentzako egitaraua

Euskal Herri osoko 36 ikastetxetako 1170 ikaslek parte hartuko dute gune guztietan antolatu diren tailerretan. Guztira 30 saiotik gora izango dira.

Plateruenan, kontzertu handien plazan, 300 ikaslerentzat emanaldia eskainiko du Ghetto taldeak. Euskal kantagintzako estilo eta garai ezberdinetako kantuen bertsioak izango dira. Parte hartzea erabakitzen duten ikastetxeek kontzertuko kantuak ikuspegi ezberdinetatik aurrez lantzeko materiala eskuratuko dute.

Saguganbaran, txikien eta handien plazan, Oskar Estanga eta Yolanda Arrieta sortzaileek gidatuko tailer bana gidatuko dute. Oskar Estangarekin kantu baten grabaketa egingo dute eta Yolanda Arrietarekin egun batez idazle bihurtuko dira.

Ahotsenea, sortzaileen plaza, barru-barrutik ezagutzeko aukera izango dute ikasleek, eta bertan parte hartuko duten sortzaile bi elkarrizketatzeko tartea izango dute: Revolta Permanent musika taldea eta John Andueza idazlea.

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, film baten bikoizketa nola egiten den ezagutu eta praktikan jarriko dute bikoiztaile profesionalen eskutik. Egindakoaren emaitza ere unean ikusi ahal izango dute.

Areto Nagusian, hitzaren plazan, Fernando Morillo idazlearen eskutik editoreek liburu baten argitalpenaren abenturan zer lan egiten duten ezagutuko dute ikasleek.

Kabi@n, digitalaren plazan, batetik mugikorrak segurtasunez erabiltzeko aholkuak jasoko dituzte. Horrez gain, mugikorretararako aplikazio bat sortzeko lehen pausuak ikasiko dituzte, eta bigarren tailer batean scratch eta legorekin programatzen hasteko lehen urratsak emango dituzte.

Szenatokian, arte eszenikoen plazan, Zurrunka antzerki taldearekin itzal-txotxongilo antzezlan baten sekretu eta teknikak ikasiko dituzte.

Azoka TBk zuzenean bideoklipez osotutako musika saioa ekoiztuko du. Ikasleek zuzenean jarraitu ahal izango dute saioa platoan, eta bideoklipetako musikariekin solasaldian ibiliko dira teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatuz.

Durangoko museoan bi tailer egingo dira. Lehenengoa Artiumek eskainiko du eta material sinpleenekin esperimentatuz forma ezberdinetako irudiak sortuko dituzte. F-Stop Durango taldeak, berriz, argazki kameraren oinarriak lantzeko tailerra emango du.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!