2023ko albiste bitxienak

Anboto 2023ko abe. 30a, 10:20

Hainbat gertakari kurioso gertatu da aurten Durangaldean eta denen artetik hamaika aukeratu ditu ANBOTOk.

Probalekua lepo indarra sobera duten lagun biren erakustaldian

Martins Licis 'Munduko gizonik indartsuena' legez ezaguna den atleta letoniarrak eta Urdax Magunazelaia abadiñarrak indar erakustaldia egin zuten apirilean, Abadiñoko probalekua bete zutenen gozamenerako. Licisek, egunetako entrenamenduak egin eta gero, 255 kiloko harria bizkarreratu zuen. Ondoren, Abadiñon bizi zituen abenturen bideoa publikatu zuen Youtuben. 

Argazki galeria: LOTURA HEMEN.

Bideoa: LOTURA HEMEN. 

AEBetan eta Japonian ere erabiltzen duten gerra-joko durangarra

Orain lau urte sortu zuenetik, Pedro Iñaki Martinez durangarraren La Guerra de la Triple Alianza estrategia-jokoa mundura hedatu da. AEBetan eta Japonian, besteak beste, "oso harrera ona" izan du. "Japonian agortu egin da, eta, AEBak joko historikoen sorleku direla jakinda, nire jokoa han saltzea ederra da", dio Martinezek. Gaztelaniaz eta ingelesez jokatu daiteke, eta italierara itzultzen dabiltza. Gerora, jokoaren aldaerak ere sortzen joan dira.

Elkarrizketa: LOTURA HEMEN. 

Van Vleutenek "eskerrik asko" dioen elastikoa ematen dizunean

Movistar Team taldeko Annemiek van Vleutenek Giro Donne itzulia irabazi zuen uztailean. Esker oneko keinu modura, txirrindulari herbeheretarrak elastiko bana erregalatu zien taldeko kide guztiei; tartean, Oier Casado mekanikari abadiñarrari. Elastikoan euskarazko mezu bat idatzi zuen. Bertan eskerrak ematen dizkio Casadori, bizikletak beti prest izateko eginiko lanagaitik. 

Bideoa: LOTURA HEMEN. 

Hasieran pinaburua zirudien... baina ez, granada bat zen

Ezohiko objektu batek familia baten arreta erakarri zuen azaroan, Zabalanditik gertu mendian zebiltzala. Lehenengo begiratuan pinaburu bat zela iruditu zitzaien, jostailuzko kantinplora baten traza hartu zioten gero, baina ez bata eta ez bestea: eskuan hartu eta pisutsua zela ikusita, benetako granada bat zela jabetu ziren. Ertzaintzari abisatu zioten eta honek Lehergailuak Indargabetzeko Unitate bat bidali zuen egunean bertan. Granada hantxe bertan neutralizatu zuten. Zantzuen arabera, baliteke gerra zibileko lehergailua izatea.

Albistea: LOTURA HEMEN.

Gasolindegiko terraza biltzeko gune, izurtzarrentzat eta ingurukoentzat

Izurtzako Herriko taberna itxita egoniko hileetan, gasolindegiko terraza izan zen edari baten bueltan sozializatzeko gune bakarra herrian. Izurtzarrak eta herri gehiagotakoak joaten dira. "Lasaitasuna", "aparkatzeko erraztasuna" eta "edari merkeagoak" dira hango bezeroek nabarmentzen dituzten abantailetariko batzuk. 

Albistea: LOTURA HEMEN.

Tetsuro Maedak Michelin izarra lortu du inaugurazio urtean

Tetsuro Maedak (Japonia, 1984) maiatzean zabaldu zuen Txispa jatetxea, Axpen. Sei hilabetera, Atxondon bizi den sukaldariak bere lehenengo Michelin izarra lortu du. Ez zuela espero dio: "Aitortu behar dut sari banaketan nire izena entzun nuen arte ez nuela imajinatu ere egiten". Baina eginiko lanaren fruitua izan da.

Bittor Arginzoniz sukaldari ezagunaren ikasle izanikoak haren jatetxetik gertu proiektu berria martxan ipintzeak ika-mika sortu du. Hala ere, Tetsurok berba onak izan ditu Arginzonizi buruz.  

Elkarrizketa: LOTURA HEMEN. 

Juan Antonio Izagirre, erlojugileen belaunaldiari jarraipena emanez

Francisco Izagirre aitita erlojugilea zen ogibidez, eta harengandik sortu zitzaion erlojuekiko ikusmina Juan Antonio Izagirreri. Aurten, Ermuko elizako kanpandorreko bazter batean 50 urtez gordeta egon den Penton erlojua garbitu du. 1772ko erlojua da, 100 kilokoa. "Pazientziagaz eta presarik barik eginiko lana izan da, denbora librea nuenean eginikoa. Hagin guztiak banan-banan garbitu ditut, zirrikituetan pilaturiko zikinkeria... Pentsa zenbat urtean egon den bazter batean ezkutatuta", esan zuen. 

Elkarrizketa: LOTURA HEMEN. 

Oporretako plana: bizikleta eskuan eta ibili munduan

Ander Moreira eibartarra eta Kepa Astorkia eta Jon Urbieta berriztarrak bizikleta zaleak dira eta makina bat kilometro egin dute pedalei eraginda. Joan zen udako oporretan, 800 kilometroko Basajaun proba egin zuten. Aurretik beste hainbat abentura bizi izan zuten bizikleta gainean. Behin Alemaniatik Euskal Herrira etorri ziren, eta beste behin Andaluziatik bueltatu ziren. 

Elkarrizketa: LOTURA HEMEN. 

Sexu berekoen euskal ezkontza lehenengoz, mugarriak apurtuz

Abadiñon euskal ezkontza egin dute aurten, lau urterik behin egiten den tradizio handiko ospakizuna, eta berritasun nagusi bat izan du: sexu bereko bikoteak antzeztu du ezteia. Ezkontza mediatikoa izan zen. ETBko albistegietara heldu zen, baina esklusiba ANBOTOk eman zuen. Seguruenik hauxe izan da prentsa arrosatik gertuen egon garen momentua.

Elkarrizketa: LOTURA HEMEN. 

Argazki galeria: LOTURA HEMEN. 

National Geographic-eko kazetaria, Mañariko Angurretan

Mañariko Angurreta espazioak aldizkari espezializatuen arreta erakarri du. Esaterako, National Geographic Traveller-entzat erreportajeak egiten dituen Daniel Stables kazetariak bisitatu zuen abuztuan, Urkiola Landa Garapenaren bitartekaritzari eskerrak. Stablesek Mañariko arte espazioa goraipatu zuen. "Txunditu egin ninduen. Paisaiaren erabilera zoragarria da, ondare industriala abangoardiagaz uztartzen duena", adierazi zuen.

Albistea: LOTURA HEMEN. 

Garaiko udaletxeko jesarlekuetan dauden izenen historia

Garaiko udaletxeko areto batean herriko baserrien izenekin idatziriko jarlekuak daude, sasoi bateko batzar eta botere ahalmenen sinbolo legez. Haien historia kontatu genuen urriko artikuluan. Jarlekuok sasoi bateko boterearen eta erabakigunearen ispilu dira. Etxe bakoitzeko ordezkariak elkarregaz batzen ziren, euren interesak defendatu eta herriko gorabeherei buruzko erabakiak hartzeko.  

Bideoa: LOTURA HEMEN. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!