Mendizale batzuek granada herdoildu bat topatu dute Zabalandin

Ekaitz Herrera 2023ko aza. 7a, 14:31

Domusantu eguneko goizean topatu zuten, baso bide bat gurutzatzen zebiltzala. Zantzuen arabera, baliteke gerra zibileko lehergailu bat izatea. Ertzaintzak egun horretan bertan neutralizatu zuen granada, topaturiko lekuan bertan. 

Abadiñoko familia batek herdoildutako granada bat topatu zuen azaroaren 1ean, Urkiolako Parke Naturaleko lurretan. "Arrazolatik Zabalandira egin genuen igoera, Andasto eta Anboto arteko pagaditik. Behin Zabalandira ailegatuta bidean aurrera egin genuen. Inora ez daraman pista batetik sartu ginen, basoa zeharkatuta, eta hantxe topatu genuen granada", kontatu dio mendizaleak ANBOTOri. Txangoa egiten zebiltzan familia bereko lau kideek topatu zuten lehergailua. Gurasoek eta seme-alabek. "Hasieran pinaburu bat zelan pentsatu genuen. Gero, jostailuzko kantinplora baten traza hartu genion. Objektua eskuetan hartu eta pisutsua zela igarri genuenean konturatu ginen egiazko granada bat zela", azaldu du gurasoetako batek. 

Aurkikuntza egin eta berehala Ertzaintzagaz ipini ziren hartu emanetan. "Lekuaren deskribapena egin eta koordenadak jakinarazi genizkien". Behin hori eginda, familiako kideek han utzi zuten granada, inguru hartako harri baten gainean, poliziaren esku. Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintzak Lehergailuak Indargabetzeko Unitate bat bidali zuen egun horretan bertan Zabalandira. Granada han bertan neutralizatu zuten, arratsaldeko 18:20ak aldera. Urkiolako Parke Naturaleko lurretan egin zuten aurkikuntza, Zabalanditik gertu, Aramaioko Gantzaga auzoko lurretan (Araba).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!