[BIDEOA] Annemiek Van Vleutenen euskarazko esker ona Oier Casado mekanikari abadiñarrari

Joseba Derteano 2023ko uzt. 10a, 13:34

Giro Donne itzulia irabazi berri duen txirrindulari herbeheretarrak esker oneko mezuak idatzita dituen elastikoak oparitu dizkie Movistar Team-eko taldekideei. Euren artean Oier Casado Kortabarria (Abadiño, 1977) mekanikaria dago. Euskaraz idatzitako mezu baten bidez eskertu dio bere laguntza.

Honako hau irakurri daiteke elastikoan: "Oier! Mekanikoa %100. Gure botere isila. Bizikleta guztiak beti ordena ezin hobean. Eskerrik asko!". Casado bera ere esker oneko dago. "Detaile oso polita da. Ez da lehenengo aldia. Lasterketetan erabiltzen dituen elastikoak gorde egiten ditu horrelako gauzetarako. Tourra irabazi zuenean ere berdina egin zuen", gogoratu du.

Casadok lau-bost urte daramatza Movistar Team taldean. Normalean gizonen taldearekin aritzen da, baina urtero emakumeen taldearekin bi-hiru lasterketa egiten ditu, tartean itzuli handi bat. Oraingo hau bere ibilbidean irabazten duen lehenengo Giroa da. Beste behin, 2012an, bigarren amaitu zuen, Katusha taldearekin eta Joaquim 'Purito' Rodriguez txirrindulari ohiarekin.

27 urteko ibilbidean, talderik onenetan aritu da lanean. Itzuli handi bat non, han ibili da Casado: Giroan 14 bider izan da, Vueltan 12 bider eta Tourrean 7 bider.

(Bideoa: @Movistar_Team)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!