“Ezkongaiak gu izango garen arren, hartu-emanak bizitzeko era asko dagoela jendarteratu gura dugu”

Maialen Zuazubiskar 2023ko mai. 19a, 09:30

Ekaitz Herrera eta Koldo Rodríguez

Abadiñon lau urterik behin egiten dute euskal ezkontza, Olinpiar Jokoak egiten diren antzera, eta zapatu honetan izango da hurrengoa, Zelaietako kaleetan. Aurten berritasun nagusi bat du ezkontzak: sexu bereko bikoteak antzeztuko du ezteia. Ekaitz Herrera Azkarraga abadiñarra eta Koldo Rodríguez Akarregi lekeitiarra modu sinbolikoan ezkonduko dira herritarren aurrean. Ospakizuna 12:30ean hasiko da, Ferialekuan.

Biharko ospakizuna dela eta, urduri zaudete?
Ekaitz Herrera Azkarraga: Urduri, baina gogotsu. Euskal ezkontza oso polita izaten da, herritarren artean giro ederra sortzen da eta. Badu zerbait berezia. Eta aurtengoa ere ederra izango delakoan gaude. Orain artean, ezkontza bitan parte hartu dut: dantzari legez aldi batean eta notario legez bestean. Eta oraingoan, hara! Ezkongai legez!

Koldo, zuretzat lehenengo aldia izango da.
Koldo Rodríguez Akarregi: Bai, eta badaukat urduritasun puntu hori. Gutxi gorabehera badaukat jaiaren nondik norakoaren berri, baina gero hor herritarren aurrean egotea beste kontu bat da. Dena dela, seguru nago jaia hasi eta urduritasun hori segituan uxatuko dudala. 

Zelan ailegatu zitzaizuen ezkongai papera jokatzeko proposamena?
E.H.A.: Iazko santrokazak amaituta hasi zen dena. Antolatzaileetariko batek deitu, eta euskal ezkontza aurten ospatzea tokatzen zela esan zidan. Galdetu zidan ea Koldo eta biok elkarregaz modu sinbolikoan ezkontzeko prest egongo ote ginen. Bikotea gara eta proposamenari buruz berba egin genuen. Berez, herritarren aurrean ikusgai egote horrek ez digu grazia berezirik egiten, baina proposamenagaz aurrera egitea pentsatu genuen, geure komunitateagaitik, LGTB komunitatea bisibleago egiteagaitik, eta hartu-eman ereduak askotarikoak izan daitezkeela erakusteko.
K.R.A.: Bai, halantxik da. Ezkongaiak geu izango gara, baina gurea adibide bat baino ez dela jendarteratu gura dugu. Hartu-emanak ulertzeko eta bizitzeko modu ugari dagoelako. Adibidez, gu barik, emakumezko bi ezkondu zitezkeen. Zergaitik ez? Azken finean, bikote heterosexual arautu horretatik kanpora era askotako hartu-emanak daudela aldarrikatu gura dugu. Badira hartu-eman itxiak, hartu-eman irekiak, adin tarte desberdineko hartu-emanak, genero definiturik bako gorputzak, bakarrik bizi direnak, bananduriko bikoteak, hirukoteak... Jendartea oso anitza da. 

Aniztasun horren beste erakusle bat emakumeek jokatuko dituzten paperak izango dira. 
E.H.A.: Bai. Historia berrikustea besterik ez dago ikusteko gizonezkoa egon dela beti botere postuetan. Lehenagoko ezkontzetan gizonezkoak izaten ziren alkate zein notario. Eta, aurten, eredu hori ere irauliko dugu. Emakumeek egingo dituzte alkate eta notario lanak. Abadearena eta monagilloena izango dira irauliko ez diren postu bakarrak. Gauza askok, oraindino ere, bere horretan jarraitzen dute erakusgarri.

Zer esango zeniekete euskal ezkontzara joango diren abadiñarrei?
E.H.A.: Ondo pasatzeko. Herritarrok batzeko eta gozatzeko egun bat izango da. Beraz, disfrutatu, ospatu, egin barre, dantzatu.
K.R.A.: Badirudi ezkontzako bazkarian 480 bat lagun batuko garela. Menu herrikoia izango da, merkea. Ohiko ezkontza handien aldean, xume-xumea, baina, hori bai, baten batek bazkariagaitik 150 euro ordaindu gura badizkigu, bada, ez dugu ezetzik esango (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!