Euskal ezkontzak jai edo erritual tradizional baten antza izan dezake lehen begiratu batean, baina abadiñarrek argi dute ohiturak sasoi berrietara egokitu eta arauak zalantzan ipini behar direna. Horixe da, behintzat, Abadiñoko santrokazetan ospatuko duten euskal ezkontzaren erakusgarri. Aurten, lehenengo aldiz, sexu bereko bikote baten ezteia irudikatuko dute. Ekaitz Herrera abadiñarrak eta Koldo Rodríguez lekeitiarrak izango dute ezkontide papera jokatzeko ardura.
Dena dela, honako hau ez da euskal ezkontzako berritasun bakarra izango. Izan ere, orain arte gizonezkoek irudikatutako beste rol bi emakumeek jokatuko dute. Emakumeak izango dira ezkontzako alkate eta notario lanetan egongo direnak. Abade eta monaguilloak, aldiz, ez. Horiek gizonezkoek jokatuko dituzte. "Euskal ezkontza lau urterik behin antolatzen dugu, eta aurten, keinu bat egin gura izan diogu iraganeko eta egungo gizarte debekatu horri. Sexu berekoen hartu emanak debekatuta, sozialki debekatuta egon dira mendeetan. Gaur egun ere badago horrelako zerbait. Herritar askok hori sufritu dute, motxila horiek dituzte. Eta emakumeak gizartean zeukan posizioarekin ere, berdin-berdin. Gizartean eraldaketa bat eman den arren, asko dugu egiteko", azaldu dute antolatzaileek. Esan bezala, abadearen eta monaguilloen rolak izango dira irauliko ez diren bakarrak. "Gauza batzuk aldatu arren, beste asko ez direlako aldatu. Eta horregatik erabaki dugu abadearen rola ez iraultzea. Gauza batzuek bere horretan segitzen duten sinbolo modura. Azken finean, kontzientziak mugitu gura ditugu", azaldu dute antolatzaileek.
Zapatuan, 12:00etatik aurrera
Euskal ezkontza kalejira batekin hasiko dute. Zelaietako botikaren ondoko lonja batetik irtengo dute kalejiran, 12:00etan. Txanporta plazara joango dira gero, eta geldialditxo bat egingo dute han. Azkenik, elizara jaitsiko dira denak batera. Han ezkontza errituala eta dantzak izango dituzte.
Bikotea behin ezkonduta, jaiak Ferialekuan jarraituko du. Dantza gehiago izango dituzte han, eta bukatzeko, herri bazkaria. 480 lagunek parte hartuko dute. Antolatzaileek jakinarazi dute bazkarirako txartelak amaituta daudela. 14:30etan hasiko dira bazkaltzen. Arratsaldetik aurrera erromeriak eta kontzertuak izango dituzte Txanportan.