"Jokoak gertaera historikoak ezagutzeko modu ludikoa dira"

Aitziber Basauri 2023ko mar. 19a, 11:30

Pedro Iñaki Martinezek urteetako arantza kendu zuen ‘La Guerra de la Triple Alianza' jokoa merkaturatu zuenean, NAC-Wargames-MasQueOca enpresagaz. Gaztelaniaz eta ingelesez jokatu daiteke —italierara itzultzen dabiltza— eta oso harrera ona izan du. Juegos Anboto plataforma digitalean, berak sorturiko jokoak doan jaisteko aukera ematen du.

 Badira urte batzuk ‘La Guerra de la Triple Alianza’ jokoa sortu zenuela.
Orain lau urte sortu nuen. Eta jokoa merkaturatzeko aukera eskaini zidatenean pozarren onartu nuen. Izan ere, nik neuk merkaturatzea pentsatuta nuen, baina inbertsio handia eskatzen du. Hego Amerikako gudarik handiena izan zen, baina oso ezezaguna da. 

Horregaitik aukeratu zenuen?
Bidegabea iruditzen zitzaidan. Oso gai mingarria da oraindino ere Paraguain; borrokatu ziren gizonen %95 hil ziren, eta hurrengoa andren belaunaldia izan zen, ezinbestean. Argentinan orain hasi dira han gertatu zenaz kontzientzia apur bat hartzen; eta Brasilen azaletik ikasten dute. Jokoa errespetu handiz eginda dago, eta inoren alde egin barik. 

Oso harrera ona izan du, AEBetan eta Japonian ere bai. Harritu egin zaitu? 
Asko! Mundura zabalduriko joko baten 1.000 ale saltzea nahiko erraza da. Baina Euskal Herrian sortua denean ikaragarria da, zoramena. Japonian agortu egin da, eta AEBak joko historikoen sorleku direla jakinda nire jokoa han saltzea ederra da.

Estrategia joko bat da. Nola jokatzen da?
Aliatuen alderdiak erasora joko du etengabe, eta Paraguaik behin eta berriro begiratu edo aztertu beharko du zelan eutsi. Izan ere, joko historikoak joko desorekatuak dira. Gerraren hasieran jarriko dira jokalariak, bakoitzak rol bat hartuta. Egoera horretan bakoitzak zelan jokatuko lukeen aztertu behar du, eta irtenbiderik onena topatu. Historian gertatu zena hobetzeko gai garen ala ez ikusiko dugu. Joko hauek oso baliabide ona dira historia transmititzeko; gertaera historikoak ezagutzeko modu ludikoa dira. Alde bietan jokatuta, gerra zelan garatu zen ikusi daiteke. 

Noiztik duzu joko hauekiko grina?
Betidanik. Gainera, joko hauekiko lilurak historiagazko interesa piztu zidan. Betidanik erakarri naute mapek, eta gertaera historikoak mapetan islatzea plazera izan da niretzat. Gerora, Interneten murgildu eta zaletasun berdina zuen beste hainbategaz harremantzen hasi nintzen. Hor nabil murgilduta.

Zenbat debora behar duzu joko bat sortzeko?
Urte bi bai, gutxienez. Asko irakurri behar da, eta informazio guztia batu ondoren hautaketa bat egin eta dena ordenatu. Gero, mapa prestatzen dut, ordenagailuan; laukiak, fitxak, kartak… ere bai. Azkenik, behin arauak erabakita, probatu egiten dut. 

Zein duzu etorkizuneko erronka?
Ate berri hau zabalduta, honek guzti honek halako garrantzia hartu du. Itzela da zelan joan den dena. Jokoaren aldaerak ere sortu dituzte, jokoak berak bakarrik eboluzionatu du, eta oso aberasgarria da. Baina ez naiz honetaz bizi. Ez dut uste bizi daitekeenik. Lan luzea eta neketsua da joko historiko bat sortzea, beti ase bako sentsazioagaz. Eta jokatzea gustatzen zait eta denbora batean horixe egingo dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!