"Garai bateko erlojuak benetako artelanak dira"

Aitziber Basauri 2023ko mai. 7a, 10:00

Erloju batek ateratako soinuari arreta ipiniz gero, ordua ondo ematen duen ala ez igarri daiteke. Hala dio Durangon bizi den Juan Antonio Izagirrek (Ermua, 1946). Francisco Izagirre aitita erlojugilea zen ogibidez, eta harengandik sortu zitzaion erlojuekiko ikusmina. 

Eskualdeko erlojurik zaharrenak itxura berria du. Zelako lana izan da? 
Erlojuan urteetan pilaturiko hautsa eta zikina kendu dizkiot. Pazientziagaz eta presarik barik egindako lana izan da. Hagin guztiak banan-banan garbitu ditut, zirrikituetan pilaturiko zikinkeria... Pentsa zenbat urtez egon den bazter batean ezkutatuta. Erik Arevalori hitzaldi batean entzun nionetik Ermuko elizako kanpandorrean Durangaldeko erlojurik zaharrena zegoela, zelan edo halan erloju hori ikusi eta garbitzea izan da nire gogoa. Azken urte bietan, nire denbora librean apur bat itxuratu dut, apurka-apurka. Falta zaizkion pieza batzuk lortu guran nabil orain. 

Pieza horiekin ordua emango luke?
Ez. Polita litzateke ordua ematea, baina erlojuaren sistema osoa askatu eta dena berriztu beharko litzateke, eta duen balioa kenduko genioke. Eta baliteke ezinezkoa izatea berriro muntatzea. Arrisku hori hor dago. Erlojua ikusgarri jartzea eta duen balioa azpimarratzea izan da nire helburua. Uztailean bueltatuko diot Ermuko Udalari eta pentsatzen dut leku bat topatuko diotela, ikusgai jarri eta duen historia ezagutarazteko.

Aitita erlojugilea zen ogibidez. 
Bai. Garai batean, Erresuma Batutik ekarritako 1772ko Penton erloju horren mantenuaren arduraduna ere izan zen. Baita Bizkaiko Aldundiko erlojuarena ere, Bilboko udaletxekoarena, Matxitxako lurmuturreko itsasargikoarena... Suitzan ikasi zuen ofizioa, eta garai bateko trenbide sarearen mantenu elektrikoaren arduraduna izan zen, eta bertako erlojuak mantentzearena ere bai.

Berarengandik datorkizu erlojuekiko ikusmina?
Beti gustatu izan zait trasteekin endredatzea, barruko tripak ikustea. Eta aititak gordetako objektuak ikusi eta bere bizimodua ezagutu ondoren sartu nintzen mundu honetan. Familian gordeta izan diren aititaren hainbat erloju ere ipini ditut martxan, apurka-apurka. 

Geroago eta mundu digitalago honetan, badute lekurik garai bateko erlojuek?
Orain, irrati edo GPS bidezko erloju elektriko-elektronikoak erabiltzen dira kanpaiak jotzeko, motor bategaz. Pena apur bat ematen du, garai bateko erlojuak benetako artelanak dira eta. Ermuan halako erloju bat izatea pribilejio bat zen. Valdespinako Markesaren bitartez ekarriko zutela esango nuke, botere handia zuen eta. Eliza ere berari eskerrak amaitu zuten.

Hainbat erloju konpondu duzu.
Bai, 50 bat. Etxean gordetako penduludun erloju handiak dira eta nibela ondo ipintzea behar dute. Pendulua zentratuta egon behar da, ordua zuzen emateko.

Atentzioa eman dizun erloju bat?
Kordobakoa oso polita da. Donostiako Artzain Oneko erlojua ikustera ere gonbidatu naute, eta joateko zain nago.

Zein erloju gura zenuke ikusi?

Astro Skeleton (USA). Zoragarria da. Eta Big Ben-a (Londres) ere bai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!