“Donejakue bidea egiten duzu, Pirinioetan zeharrekoa gero, eta, azkenean, bizikletak harrapatu egiten zaitu”

Anboto 2023ko eka. 9a, 09:30
Ander Moreira (Eibar, 1988), Kepa Astorkia (Berriz, 1978) eta Jon Urbieta (Berriz, 1986)

Ez da askorik falta udako oporrak heltzeko, eta hamaika izan daitezke egunok pasatzeko moduak. Askok deskantsurako baliatzen dituzte oporrak. Baina hori ez da izango Berrizko hirukote honen plana. Egunerokoan bizikleta bidelagun duen taldeak Basajaun proban parte hartzeko baliatuko ditu jaiegunetariko batzuk. 

Hasteko, zelan doa prestaketa?
Jon Urbieta: Justutxo. Ez gabiltza askorik prestatzen, egia esan. Pare bat buelta luze egin ditugu, eta kito. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

Zelan otu zitzaizuen bertan parte hartzea?
Kepa Astorkia: Gustatu egiten zaigu horrelako proba luzeak egitea. Hainbat egin izan dugu geure kabuz. Aurten Granadara joatea pentsatu genuen, Basajaunen erako beste proba bat egitera. Baina ez gintuzten hartu eta honetan izena ematea erabaki genuen. 

Ia 800 kilometro eta 15.000 metroko desnibel positiboa. Eta hori guzti hori bost egunetan, asko jota. 
K.A.: Berez, parte hartzaileak autosufizienteak izan behar dira, bakoitzak bere kabuz egin behar du dena. Irteera bat duzu eta helmuga bat, eta tartean kontrol puntu batzuetatik pasatu behar duzu. Gainera, denbora muga bat daukazu proba amaitzeko. Gainerako dena, lo egin, jan, edan eta egin beharreko guztiak norberak ahal duenean eta ahal duen moduan egin behar ditu.

Kanpoko laguntzarik izan dezakezue?
J.U.: Ez, ezin da kanpoko laguntzarik izan.
K.A.: Gainera, bizikletan matxuraren bat izanez gero, eta konpontzeko nonbaitera joan beharra badaukazu, behin konponduta berriro ere matxura izan duzun puntura itzuli behar duzu eta berriro bertatik abiatu. 

Orduan, logistika aldetik ere ondo antolatu beharko zarete. Dena ez da pedalei eragitea.
J.U.: Ez, horixe da gutxienekoa, pedalei eragitea. Baina, bueno, hori guzti hori oraindino pentsatu barik daukagu. Behin ibilbidearen track-a ematen dutenean orduan pentsatuko dugu zelan egingo dugun.

Eta proba taldean egin beharrekoa da?
J.U.: Ez, ez da zertan taldean egin. Baina guk hirurok elkarregaz egingo dugu. 
K.A.: Berez, hasieran Jonek eta biok eman genuen izena, bikote modura. Anderrek beste bategaz eman behar zuen, baina, azkenean, bakarrik eman du, eta teorian ez da gure taldekoa. Kontua da talde bereko pertsonak bata bestearen atzean joan daitezkeela, baina ezin da beste inoren erruberari jarraika joan. Beraz, Ander gugaz etorri ahal izango da, gure ondoan, parean, baina ez gure erruberaren atzean.

Ander, zuri horrek arduratzen dizu?
Ander Moreira: Apur bat bai, egia esan. Baina, tira, euren ondoan joan naiteke, eta horrek asko laguntzen du psikologikoki.
K.A.: Eta gauza bat esango dizut, gu denbora guztian bere ondoan joango gara, track-a ondo kontrolatzen du eta. Oporretan egon garen guztietan, pedalei eragin baino ez nuen egiten; ibilbidearen ardura Anderrek izan du beti. Primeran kontrolatzen du dena.
J. U.: Gugaitik izango balitz, oraindino Hanburgotik bueltatu ezinda egongo ginateke (barrez).

Jendeak deskantsurako baliatzen ditu oporrak; zuek, ostera, bizikleta gainean ibiltzeko. Noiztik zabiltzate honetan?
K.A.: Ni txiki-txikitan ibili nintzen bizikletan, baina gero utzi egin nuen. 39 -40 bat urtegaz mendiko bizikleta erosi nuen, eta gero errepidekoa. Bategaz elkartu, beste bategaz, eta horrela hasten da dena. Anderrek eta Jonek, ostera, urte asko daramatzate bizikletaren munduan. 
J.U.: Lehenengo, Donejakue bidea egiten duzu, Pirinioetan zeharrekoa gero, eta, azkenean, bizikletak harrapatu egiten zaitu. Orain urte bi, esaterako, Andaluziara joan ginen oporretan, eta buelta bizikletaz egin genuen. Mediterraneo osotik igaro, Pirinioak pasatu eta etxera bueltatu ginen. Guztira, 2.400 bat kilometro egin genituen. Iaz Hanburgora (Alemania) joan ginen eta handik bizikletaz bueltatu ginen etxera.

Horrenbeste kilometrotan milaka abentura izango dituzue.
K.A.: Mordo bat. Hanburgoko bidaian, esaterako, barku bat hartu behar genuen tarte batean alde batetik bestera pasatzeko. Barkuan, gizon bat etorri eta argi ibiltzeko esan zigun, inguruetan suteak zeudela eta. Ez geneukan horren berririk eta, egia esan, ez genion kasu handiegirik egin. Behin lehorrean, bidegorri batetik jarraitu behar genuen puntu batera heltzeko, eta bide guztiak zarratuta topatzen genituen. Kilometroak egin eta egin genbiltzan eta 23:00 aldera herritxo batean geratzea erabaki genuen. Komun publiko bat topatu genuen, eta bertan garbitu bat hartu eta gero Anderrek eta biok eliza batean lo egitea erabaki genuen. Jonek, elizan ez zuela lorik egingo esan, eta kanpoko berdegune batean geratzea erabaki zuen. Lo geundela, Anderrek norbait zegoela esan zidan. Harek frantsesez egiten zigun, eta guk euskaraz edo gaztelaniaz erantzun. Gutxi gorabehera ulertu genuen zer esan gura zuen, baina ez genion kasurik egin. Alde egin zuen, baina lasterrera jendarme bigaz agertu zen, eta elizatik kanporatu gintuzten. Azkenean, Jonen ondoan amaitu genuen lotan, belartzan. Horrelakoak hainbat ditugu. 

Zergaitik animatuko zenukete jendea horrelako bidaiak egitera?
J.U.: Oporrak pasatzeko beste modu bat da. Gainera, norberak erabakitzen du zenbat kilometro egin, eta noiz egin. Lekuak ikusteko beste modu bat da.
K.A.: Lekuak ezagutzeko askoz ere hobea da, tokiak bertatik bertara ikusten dituzu eta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!