Bai, beste edozein udaletxetan legez, Garaikoan ere badago osoko bilkurak egiteko aretoa. Eta bai, ohikoa den moduan, udal ordezkariak bertan batzen dira erabakiak hartzeko. Baina berezitasuna ondoko gelan dago, osoko bilkurak egiteko aretoaren aldameneko gelan. Han barruan, herriko baserri guztien izenekin markaturiko jarlekuak daude, sei ilaratan antolatuta. “Jesarleku hauetan, 1700. urte bueltako fogerazio dokumentuetan, sasoi hartako etxebizitzen erroldan, jasota zeuden baserrien izenak ageri dira. Berrogei baserri dira, gaur egun ere zutik dirautenak. Bat edo bi baino ez dira desagertu. Sololuze eta Mallukitza, adibidez, jesarlekuetan islatuta daude, baina jada ez dira existitzen", azaldu du Lazaro Milikuak.
Jarlekuok sasoi bateko boterearen eta erabakigunearen ispilu dira. Etxe bakoitzeko ordezkariak elkarregaz batzen ziren, euren interesak defendatu eta herriko gorabeherei buruzko erabakiak hartzeko. "Baina gaur egun balio sinbolikoa baino ez daukate. Sasoi hartako batzarretan, elizaurrean egiten ziren bileretan, nortzuek parte hartzen zuten irudikatzeko balio dute bakarrik. Hain zuzen ere, baserrietako ugazabek baino ez zuten eskubidea botoa emateko batzarretan", argitu du bizilagun garaitarrak. Milikuak berak ere gogoan du herriko gorabeherei buruzko batzarretariko batzuk jarleku horietan jesarrita egin zirela orain dela hainbat hamarkada: "Akordatzen naiz Oizko urak etxeetara eramateko erabakiak edo argindarra ekartzeari buruzkoak gela honetan hartu zirela. Jende ugari etorri zen baserrietatik", esan du. Gaur egun, bestelako erabakiak hartzeko erabiltzen dituzte jarlekuok. Herriko jaiak antolatzeko, adibidez. "Baina baserrietako ugazabak ez dira bakoitza bere jarlekuan jesartzen", argitu du irribarrea ahoan.
Jarlekuak herriko etxeen izenekin atontzeko ideia udaletxea berriztu zen sasoikoa da, Milikuaren berbetan, 1972 ingurukoa. "Jose Luis Lizundia zen idazkaria, eta Javier Ortega arkitektoa. Esango nuke euren erabakiz ipini zirela jarlekuok. Erabaki polita izan zen, garaitarrok historiarako zerbait dugulako hemen, bertan geratuko den zerbait dugulako udaletxean", amaitu du Milikuak. Eta bai, hori ere bai. Istorio isil eta txiki bat betikotu dute jesarlekuek.