Izurtzako gasolindegiko terraza bilgune izurtzarrentzat eta inguruetako herritarrentzat

Anboto 2023ko uzt. 9a, 10:30
Peio, Iñigo eta Beñat durangarrak Izurtzako Urkioil gasolindegiko terrazan.

Izurtzako Herriko taberna itxita egongo da abuztu amaierara arte. Bien bitartean, sozializatzeko espazio zabal bakarra egongo da herrian: Urkioil gasolindegiko taberna eta terraza. Urte bi daramatza zabalik, eta, dituen ezaugarriengaitik, izurtzarrak ez ezik inguruetako herrietako jendea ere batzen da berta; tartean, Durangokoa.

Astelehen arratsaldea, gasolindegiko terrazan. Zurezko egiturak babesturiko bost mahaietatik hiru okupatuta daude. Batean, Peio, Iñigo eta Beñat, 22, 27 eta 20 urteko gazteak solasean dabiltza freskagarri bana hartzen duten bitartean. Hirurak durangarrak dira. "Lasai eta euren kontura" egotea gustatzen zaiela diote, Durangoko "burrundadatik" kanpora. Herriko tabernara sarritan joaten ziren lehen, baina hura itxita dagoenetik gasolindegiko terrazan batzen dira. Joera orokorra dela diote: "Ez dakigu Herriko taberna itxita dagoelako ala uda heldu delako den, baina azkenaldian jende gehiago ikusten dugu hemen". Andoni Axpe Urkioileko arduraduna ere konturatu da joera horretaz. Herriko taberna itxi zenetik "jende gehiago" doala ikusten du. 

Aparkatzeko, "erraz"
Terraza horrek duen beste abantaila bat da "erraz" aparkatu daitekeela bertan. Horixe azpimarratu du bere alabagaz freskagarri bat hartzen dagoen Gorkak. Kasu honetan ere, durangarra da bezeroa. Horrez gainera, "gustura" eta "iparreko haizetik babestuta" egoteko "espazio atsegin" bat eskaintzen duela nabarmendu du.

Mahai bat haratago, Gorettik beste gako bat eman du, "lasaitasunaz" gainera: "Ohiko tabernak baino merkeagoa da". Eta, bai, Goretti ere durangarra da. Terraza industrialde baten ondoan dago eta arratsalde-pasa doazenetatik aparte, goizeko txandan lanera sartu aurretik gosaltzera eta "lehenengo kafea hartzera" geratzen diren bezeroak ere aipatu ditu Axpek.  

06:00etatik 22:00etara egoten da zabalik taberna. Kafea eta gosaria (opilak, zukua…) eskaintzen dituzte. Hortik aurrerakoa autozerbitzua da. Norberak hartzen ditu freskagarriak hozkailutik, eta bestelako produktuak dendatik.

Urkiolatik Otxandiora bidean beste gasolindegi bat du Urkioilek. Hango barra Izurtzakoa baino handiagoa da eta, oraintsu, mahaiak ipini dituzte kanpoan, terraza lez. Otxandioko Udalak bidegorri bat egin berri du Anteparaluzeta auzoa gasolindegiagaz lotzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!