Hiltegi berrirako inplikazioa eskatu dute administrazio kontseiluko kide ohiek

Anboto 2012ko mai. 5a, 08:30

Lanetarako 7,5 milioiren %60 behar omen dute

Lanetarako 7,5 milioiren %60 behar omen dute. 

 

Abadiñoko alkateak, pasa den astean, Erraldek 2,6 milioiko zorra duela adierazi eta gero, administrazio kontseiluko kide ohiek elkartearen zorraren inguruko azalpenak eman dituzte ohar bidez. Diotenez, bi milioi pasatxo dagokie hiltegi berriko lanen 1. faserako eskatu zen epe luzeko maileguari.

 

Oharra izenpetu dute Jabier Azpitarte presidente ohiak, Niko Moreno presidenteorde ohiak eta Alberto Llona idazkari ohiak. Euren ustez, “Erralde disoluzio prozesuan dagoela esateko  azalpen bakarra esparru baten proiektua likidatzea erabaki dutela da”.

 

Berrizko hiltegiko eraikitze faserako 7,5 milioi beharko direla azaldu dute: “%40 Eusko Jaurlaritzak emango du”. Falta dena lortzeko “udal berrien eta administrazioen inplikazioa” lortu gura izan dela esan dute. “Diru guztia eduki arte lanekin ez hastea erantzukizunez jokatzea dela uste dugu”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!