Gaur itxiko dute Erralde hiltegia

Anboto 2012ko urt. 14a, 14:00

Eguenean egindako kontzentrazioan nabarmendu dutenez, \'prest gaude edozein neurri hartzeko, hiltegia ahalik eta arinen berriro zabaldu dadin\'.

Eguenean egindako kontzentrazioan nabarmendu dutenez, \'prest gaude edozein neurri hartzeko, hiltegia ahalik eta arinen berriro zabaldu dadin\'.

 

Jaurlaritzak horrela aginduta, gaurkoa izango da abelburuak hiltzeko azken eguna Durangoko hiltegian. Osasun Sailagaz batzartzekotan dira Erraldeko arduradunak, datorren urtarrilaren 18an. Mikel Ansotegi presidenteak azaldu duenez, “hiltegia zabalik mantentzeko zer neurri izango diren nahikoa” jakin gura dute: “Prest gaude edozein neurri hartzeko, hiltegia ahalik eta arinen berriro zabaldu dadin”.

 

Itxiera aginduaren jakinarazpena abenduan jaso zuten Erralden, eta eguaztenean heldu zaie itxieraren arrazoiak batzen dituen ebazpena. Erraldek eta Bizkaiko EHNEk errekurtsoa aurkeztuko dutela jakinarazi dute. Azaldu dutenez, jaso duten idatzian ez dira 2007tik hona egindako “hobekuntzak” aipatzen, ezta Berrizko hiltegia eraikitzeko eman diren pausoak ere.

 

Osasun Sailak adierazitako hutsune batzuk konpontzen dihardutela adierazi du Ansotegik, eta astelehenetik aurrera ere arazo tekniko horiek konpontzen jardungo dutela.

 

\"\"

 

Egiturarena da hiltegiaren arazo nagusia. Osasun sailetik adierazi dutenez, U forman lan egitetik modu linealera pasatu ezean ezingo da hiltegia zabaldu. Mikel Ansotegik adierazi du “behar egiteko moduan neurriak hartuta” konpondu daitekeela arazoa. EHNE sindikatuko Unzalu Salterainek gogoratu du Europako araudiek hiltegi txikiei “legeak malgutasunez aplikatzea” ahalbidetzen dutela.

 

Oñatiko aukera
Salterainek itxieraren aurrean salatu duenez, “Bizkaian hiltegi barik ezin da ez baserritarrik egon ez okela produkziorik mantendu”.

 

Durangon egon den jarduerari irtenbidea emateko aukera Oñatiko hiltegia izan daitekeela aipatu dute: “Erralderen antzeko filosofiagaz sortutakoa da, eta sektorea horra bideratu dezaketela uste dugu”. Edozelan ere, ez daude seguru Durangon urtean hiltzen izan diren 10.000 buruak bideratu daitezkeen.

 

Eragileen babesa
Eguenean hiltegiaren itxiera salatzeko kontzentrazioa egin dute hiltegiaren aurrean. Bertan ehun herritar baino gehiago batu dira sindikatu, udal arduradun, baserritar eta eragile artean. Asteon hainbat eragilek erakutsi dio babesa hiltegiaren proiektuari.

 

Ezker Abertzaleko Niko Morenok kontzentrazioaren ondoren adierazi duenez, “borondate politikoa adierazteko unea” da hau, “ez trabak ipintzekoa”. Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari proiektuaren alde behar egiteko eskatu die.

 

ELA sindikatuak, bere aldetik, ohar baten bitartez eman die babesa Erralde egitasmoaren inguruan lanean dabiltzan eragileei. ELAren adierazii duenez, “harrigarria” da “ia herri-erakunde guztiek eta zenbait alderdi politikok hiltegiaren aldeko adierazpenak egitea komunikabideetan, eta aldi berean herri-erakunde horixek izatea gero Berrizko hiltegi berria eraikitzeko bidean egon diren atzerapen guztien errudunak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!