Hobekuntzak ikusteko, hiltegira etortzea eskatuko dute Lakuan

Anboto 2012ko api. 15a, 08:30

Osasun sailekoak eta Erraldekoak apirilaren 18an batzartuko dira, eta EHNEk protestara deitu du

Osasun sailekoak eta Erraldekoak apirilaren 18an batzartuko dira, eta EHNEk protestara deitu du. 

 

Apirilaren 18an, eguaztenena, izango duten batzarra erabakiorra izan daiteke Durangoko hiltegiaren etorkizunerako. Urtarrilean Osasun sailak zarratzeko agindua eman zuenean, gabezia batzuk agertu ziren, eta horiei erantzuteko hobekuntza plana diseinatu dute. Plan hori edukiko dute berbagai Osasun sailean. Batzarrean, ikuskatzaileak hiltegira joatea eskatuko dute Erraldeko arduradunek, egindakoa bertatik bertara ikusteko.

 

Batzar egunerako EHNEk elkarretaratzea deitu du Eusko Jaurlaritza aurrean, 10:00etan,  “baserritarrek nozitzen duten kaltea salatu eta Osasun Sailari jarrera aldaketa exijitzeko”.

 

Aste Santuaren aurretik, hiltegia zarratzeko ebazpenari Erraldek ipini zion errekurtsoa atzera bota du Osasun sailak. Zarratzeko arrazoi nagusia produkzio katearen egitura dela berretsi du Jaurlaritzak: ‘S’ forma dauka eta forma lineala eduki behar lukeela dio.

 

EHNEk Osasun sailaren erabakia kritikatu du. Sindikatuko Unzalu Salterainek adierazi duenez, “Europako osasun araudiek ez dute esaten linea zuzen bat egon behar denik, langileak euren artean gurutzatu ezin direla baino”.  Azaldu duenez, araudiak malguago aplikatzen dira Europako hainbat lekutan: “Austrian eta Frantzian errealitateari egokitutako irakurketa egiten da eta bertako abeltzaintza indartzen duten hilketa zerbitzuak  bultzatzen dira”.  

 

Beharginekin batzarra

Erraldeko kontseilua langileekin batzartu zen atzo egoeraren berri emateko. Juanjo Elgezabal ordezkari sindikalak (CCOO) azaldu duenez, “kontua beltz dago, eta azken esperantza datorren asteko batzarra dela ematen du”. Berrizko egitasmoan laster pausoak ematea espero du Elgezabalek. Hiltegiko langileak otsailaren 8tik daude erregulazio espedientean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!