Eneko Egibar Erraldeko gerentea kaleratu egin dute

Anboto 2012ko urt. 27a, 08:15

Teknikari bat plangintza osatzen dabil \'ahalik arinen zabaldu ahal izateko\'

Teknikari bat plangintza osatzen dabil “ahalik arinen zabaldu ahal izateko”.

 

Erralde hiltegiko gerente Eneko Egibarrek azaldu duenez, gerente eta albaitari moduan bere funtzioa “goitik behera” bete du Erralde hiltegian. Egoeraren inguruan ez duela “ezer ulertzen” aitortu du. Proiektua “bideragarri” egin duela adierazi du gerente ohiak. “Ekonomikoki parra egin dugu. 2011 urtean 9.504 abelburu hil ditugu, eta Bizkaiko Bildotsa komertzializatu dugu”.

 

Osasun Sailaren txostenetan argi geratzen da araudiaren arabera hiltegiak egitura akatsak dituela, gogorarazi duenez. Teknikari aldetik Euskal Herriko albaitari onenak izan dituztela aholkulari zehaztu du. “Elikadura subiranotasunaren alde lan egin dut”, gaineratu du.

 

Gauzak horrela, Osasun Sailean aurkezteko plangintza osatzen dihardu Erraldek. Urtarrilaren 14an produkzioa eten zuten Osasun Sailaren aginduz. Harrezkero Eusko Jaurlaritzagaz egindako batzarrean araudira egokitzeko plangintza aurkezteko konpromisoa hartu dute, hiltegia berriro zabaltzeko. “Ahal den eperik laburrenean zabaldu gura dugu, eta horretarako behar egiteko modu berria aztertzen gabiltza”, dio Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak.  Osasun Sailak gaia txostena esku artean duenean aztertuko duela erantzun du.

 

Plangintza osatzeko teknikari berria kontratatu dute. Ansotegiri gerentearen kaleratzearen inguruan galdetuta, “Erralde barruko” gaia dela eta teknikari barriagaz ez duela zerikusirik argitu du. “Teknikaria kontratatzerakoan kanpoko pertsona bat hartu gura izan dugu, Erraldegaz loturarik bakoa, aholkularitza ahalik eta objektiboena egiteko”.

 

Bitartean, behargin batzuek mantenimenduan dihardute, eta besteak oporretan daude. “Abokatuekin gabiltza langileen egoera zelan kudeatu zehazten”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!