Erraldeko beharginak langabeziara, baina elkartea ez da disolbatu

Anboto 2012ko uzt. 3a, 10:18

Lan-kontratuen amaiera sinatuko dute asteon. Erralderen egitasmoagaz aurrera egitea erabaki dute udalek bozketan, boto bateko aldeagaz

Lan-kontratuen amaiera sinatuko dute asteon. Erralderen egitasmoagaz aurrera egitea erabaki dute udalek bozketan, boto bateko aldeagaz.

 

Erraldeko beharginek aste honetan sinatuko dute kontratuaren amaiera. Lan erregulazio espedientea eduki dute hiltegia itxi zenetik. Hogei eguneko kalte-ordaina emango die enpresak. Minduta agertu da beharginen ordezkari Juanjo Elgezabal: "Guztia politika da". Gauzak amaitu diren moduan ikusita, Elgezabalek dio ez dakiela zer pentsatu. "Guk ez dakigu zer pasatzen dabilen guzti honetan". Lanean jarraipena izateko ilusioa sortu zietela, eta guztia pìkutara joan dela adierazi du: "Hiltegi berria egingo dutela agintzen dizute, eta bost urtera ez dago hiltegirik ezta beste ezer ere". Langabezian murgilduko dira eta etorkizunaz kezkati azaldu da Elgezabal.

 

Bestalde, Erralderen proiektuagaz aurrera egitea erabaki zuten joan zen asteko batzarrean. Hamabost udalerritik zortzik babestu zuten jarraipena. Bilduk gobernatzen dituen udalek eta Garaikoak irabazi zuten bozketa, EAJk kudeatzen dituenak eta Abadiñokoaren aurrean. Aulestiko alkate Mikel Ansotegi da Erraldeko presidentea, eta adierazi du Berrizko hiltegi berriaren proiektuan zentratuta egingo dutela aurrera. "Lehenengo sektorea egoera gaitzean dago Bizkaian, eta administrazioaren eginbeharra da honegaz aurrera egitea". Sektore honen inguruko proiektu zabalago bat martxan ipintzeko udalen eta admnistrazioen laguntza eskatuko dute.

 

Erralde desegitearen aldeko taldean dago Jose Luis Navarro Abadiñoko alkatea. Elkartea porrot ekonomikoan dagoela, likidezia barik. eta egoera horretan elkartea disolbatu behar dela dio Navarrok. "Elkarteko udalen egoera ikusita, uste dugu ez dela jasangarria hamabost udalek egitasmo honegaz segitzea". Ekarpen berriez ezkor dago: "Dirua ipintzera etorri gura izan duenak eduki du denbora; ez da etorri eta uste dugu ez dela etorriko". Navarrok dio proiektuaren aldekoak direla, baina dirurik ez badago ezinezkoa dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!