"Bi urteko epean Berrizko hiltegi berria zabalik izatea espero dugu"

Anboto 2012ko api. 21a, 08:22

Erralderen etorkizuna zalantzan jartzen dutenen aurrean, EHNE sindikatuko Unzalu Sailterainek hiltegiaren filosofia eta proiektua defendatu ditu. Jaurlaritzagaz batzartuta, jarrera \'itxia\' nabaritu dutela dio Salterainek, baina \'ate bat zabalik gelditu da\'

Erralderen etorkizuna zalantzan jartzen dutenen aurrean, EHNE sindikatuko Unzalu Sailterainek hiltegiaren filosofia eta proiektua defendatu ditu. Jaurlaritzagaz batzartuta, jarrera “itxia” nabaritu dutela dio Salterainek, baina “ate bat zabalik gelditu da”

 

Eguaztenean Jaurlaritzaren Osasun sailagaz batzartu zineten. Zein erantzun jaso duzue?

Urtarrilaren 18an izan genuen batzarretik hona jarrera itxiagoa ikusi dugu. Gogorra izan zen ikustea sektoreari begira sentsibilitate gutxi erakutsi dutela. Egituran gabezia dagoela azaldu digute; beste gabezia guztiak konponduta daudela. Guk metodologia aldaketa proposatu dugu, baina horrekin ez dela nahikoa diote. Hala ere, bileraren ondorio nagusia  izan da irtenbide bat topatu behar dela. Ate bat irekita gelditu da.

 

Aukera hori zertan datza?

Alde bietako konpromisoa hartu genuen, eurek planteatzen dituzten gabeziak konpondu ahal diren aztertzeko, hiltegiko espazioak beste era batera aprobetxatuz. Proposamen bat aurkeztuko dugu ahalik eta azkarren .

 

Berrizko hiltegi berria zelan doa?

Proiektu hori egingo den lurretan zabortegi bat ixten dabiltza eta hori bi hilabetean amaituta egongo da. Horrek esan gura du ondoren lur mugimenduekin hasi ahalko garela. Bi urteko epean Berrizko hiltegi berria zabalik izatea espero dugu.

 

Proiektu beria aurrera irtetea gatx ikusten dutenei zer esango zenieke?

Batzuk hainbeste bider esaten dabiltza ez dagoela ezer, baina proiektua bera, lizentzia guztiak, terrenoa eta proiektua adjudikatuta ditugu. Hamabost udalerrik konpromiso ekonomikoa hartu dute, Nekazaritza sailaren %40a ere badaukagu. Udal gehiago inplikatu gura ditugu udal horientzako ez dadin hainbesteko karga izan. Guretzako garrantzitsuena, lehenengo harria ipintzea baino, azkenengo arloza jartzea da. Herri honetan obra asko hasten dira, hasi egin behar direlako, baina gero ez dira amaitzen. Arlo finantzieroa ondo sendotzea erantzukizunez jokatzea da.

 

Komunikabideen jarrera kritikatu duzu.

Erralderekin komunikabideetan gailendu dena da informazioa partzialki hartzea, datu negatiboenak azpimarratu, dena nahastu, turmixean sartu eta bentiladore batekin zabaltzea.

 

Auzokideek bideragarritasun plana eskatu zioten Erralderi.

Auzokideekin bizikidetza harremana mantendu behar dugula badakigu, eta beraiekin batzartu behar gara. Ahalik eta eragozpen gutxien eragin gura dugu. Bestalde, finantziazio planak eskatu dituzte. Erraldek 12 milioi euroko kreditua izan du proiektu berria aurrera eroateko. Hiru banketxe hori emateko prest badaude, suposatzen da finantziazio plangintza badagoela. Ez dugu auzokideekin eta udalagaz komunikabideen bidez eztabaidatu gura.

 

Zergatik da hain garrantzitsua Erralde berriro irekitzea?

Hiltegiak berak Durangori eta auzo horri ekarri diona ezin daiteke mugatu azkenengo urte hauetako eragozpenetara. Durangoko ekonomia eta komertzio txikiari ekarpen handia egin dio. Durangok baserritar gutxi eduki arren, harategi ugari ditu. Hiltegi berria sortu arteko epe honetan sektorea hiltegi barik ezin dezakegula utzi uste dugu.

 

Zelan ikusten duzu Erralderen etorkizuna?

Bideragarria eta egingarria. Sektoreak, merkataritza txikiak eta herri honek behar duen garapenaren aldetik beharrezkoa da. Zerbitzu publiko moduan planteatzen dugun eredua kopuru handiekin dabiltzan interes pribatuentzako kaltegarria da, eta horregatik izan du Erraldek sinpatia gutxi. Okelaren negozioa kontsumo gaitasunetik begiratu behar da. Guk elikaduraren subiranotasuna aldarrikatzen dugu. Begira Lekeition zer gertatu den. Urteotan antxoa batu barik egon da. Arrantzara joan eta antxoaren prezioa botata egon den bitartean, eskoletan panga jaten dabiltza. Zer pentsatua ematen du, ezta?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!