Durangoko hiltegiari moratoria aplikatzeko eskatu dute hainbat eragilek

Anboto 2012ko urt. 9a, 13:42

Osasun sailak zapatu honetan hiltegia zarratzeko agindua du emana. Horren aurrean, hiltegiak Berrizkoa eraiki artean zabalik egon behar duela aldarrikatu dute. Erraldeko arduradunak Osasun sailagaz batzartzeko zain daude asteon, eta eguenean batzar informatiboa egingo dute hiltegi aurrean

Zapatu honetan hiltegia zarratzeko Osasun sailaren aginduaren aurrean, hiltegiak Berrizkoa eraiki artean zabalik egon behar duela aldarrikatu dute. Erraldeko arduradunak Osasun sailagaz batzartzeko zain daude asteon, eta eguenean batzar informatiboa egingo dute hiltegi aurrean.

 

Hiltegia zabalik mantentzea eskatzeko prentsaurrekoa egin dute Erraldeko ordezkariek, hiltegiko langileek, eta sindikatuetako eta udaletako ordezkariek. Euren esanetan, "arrazoi sanitario bakar bat ere ez dago Durangoko hiltegia ixteko" Osasun Sailak hiltegian zehaztutako akatsak zuzenduta edo zuzentzeko bidean daudela nabarmendu dute, eta Eusko Jaurlaritzak zuzenketa horiek egiteko diru laguntza eman duela. Hiltegiko arazo estrukturalak neurri zuzentzaileekin konpontzeko eskaria egin diote Osasun Sailari, baina ez dute erantzunik jaso. Berrizko proiektuko obrak "hilabete gutxi barru" hasiko liratekeela azaldu dute. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailak aurrekontu osoaren % 40 ordaintzeko diru laguntza eman dio Erralderi.

 

Itxieraren kalteak

Prentsaurrean nabarmendu dutenez, hiltegia zarratzeak "kalteak baino ez lituzke sortuko". Hiltegiko 19 langileak behar barik gelditzeaz gainera, baserritarrei (2007tik 3.000 baserritarrek baino gehiagok erabili dute hiltegia) eta harakinei (300 harategi eta jatetxe baino gehiago hornitzen ditu) eragingo lieke itxierak. Kalte ekonomikoak ere nabarmendu dituzte: 2005eko itxieran hiltegiko mankumitateak 3 milioiko gastuari aurre egin behar izan zion hiltegia ixteko.

 

Osasun sailagaz batzarra

Durangoko hiltegia ixteko data gerturatzen dabilela, Mikel Ansotegi Erraldeko presidenteak azaldu du Erralden ez dutela itxiera aginduaren ebazpenik jaso: "notifikazio bat baino ez da heldu eta gauzak argitzeko batzar bat eskatu dugu sailburuordeagaz". Asteon jasotzen duten informazioagaz datorren eguenean, urtarrilak 12, kontzentrazioa eta asanblada egingo dute Durangoko hiltegiaren aurrean, 11:30ean.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!