Lan modua aldatuz hiltegia berriro zabaldu gura dute

Anboto 2012ko urt. 19a, 12:59

Erraldeko arduradunek Durangoko hiltegiaren irekiera geroago eta gertuago ikusten dute. Osasun Sailagaz atzo izandako batzarrean Eusko Jaurlaritzak \'proposamena aztertzeko konpromisoa\' hartu duela azaldu du Mikel Ansotegi hiltegiko presidenteak

Erraldeko arduradunek Durangoko hiltegiaren irekiera geroago eta gertuago ikusten dute. Osasun Sailagaz atzo izandako batzarrean "Eusko Jaurlaritzak proposamena aztertzeko konpromisoa" hartu duela azaldu du Mikel Ansotegi hiltegiko presidenteak.

Joan zen zapatuan Erralde osatzen duten 19 beharginek hilketa prozesua bertan behera utzi zuten, Osasun Sailaren aginduz. Eguaztenean hiltegiko arduradunak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batzartu ziren, eta Erralde “aste batzuetan ostera ere zabaltzeko aukerak” daudela azaldu du Ansotegik. Proposatutako aldaketak aztertzeko konpromisoa hartu du Osasun Sailak. “Hiltegiko arduradunek esan digutenez, gabeziak zuzentzen dituen plangintza aurkeztuko dute eta teknikariek; orain arteko gabeziak konpondu diren aztertuko dute ”, argitu dute Osasun Sailetik atzoko batzarraren ondoren.

 

Hiltegien inguruan Europako araudia betearazteko ardura du  Jaurlaritzak. Durangokoak hainbat gabezia dituela-eta, konponbideak bilatzen dihardute. Konpondu beharreko arazo nagusia hilketa prozesua \'U\' forman beharrean linean egitea izan da, “horretarako obra handia egin beharko bailitzateke”. Erraldeko arduradunek proposatu dutenez, “lan egiteko modua aldatzea” izan daiteke konponbidea. Langileak ez liratekenez euren postutik mugituko, ez lirateke gurutzatuko.

 

Teknikaria lanean

Lan egiteko moduaren aldaketa horrez gainera, beste konponketa batzuk jasotzen dituen plangintza aurkeztuko dio Erraldek Osasun Sailari, “ahalik eta arinen zabaldu ahal izateko”. Plangintza hori sortzeko Erraldetik kanpo diharduen tenikari bat kontratatu dutela aurreratu dute.

 

Berrizko hiltegia

Erraldeko arduradunak Nekazaritza Sailagaz batzartzekotan dira, datorren astean, Berrizko hiltegiko obraren finantziazioari buruz berba egiteko.

 

Hiltegi berriaren proiektuak oraingoz finantziazioren % 60 dauka segurtatuta; Nekazaritza Sailak berak % 40ko laguntza ematea onartu du, eta hiltegia babesten duten hamabost udalerriek % 20 jarriko lukete. Azken hileotan, gainera, hainbat udalekin ipini dira hartu-emanetan Erraldeko arduradunak, eta egitasmoan sartzeko interesa agertu dutela jakinarazi dute.

 

Erraldeko arduradunen asmoa Berrizko proiektua martxan ipini arte Durangoko hiltegiak zerbitzua ematen jarraitu ahal izatea da. Horretarako Osasun Sailagaz eta Nekazaritza Sailagaz hartu-emanetan jarraitu beharko dute, osasun arloko baldintzen arazoari eta finantziazioaren auziari aurre egiteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!