"Erralde zarratzea tristuraz hartuko genuke proiektuan sinesten genuelako"

Anboto 2012ko mar. 9a, 08:20
Erralde hiltegiaren inguruan galdetuta \'gezur asko\' entzun dituztela azaldu du Angel Longartek, Auzokideen Batzordeko kideak. Jarrera horren arrazoien inguruko galderak erantzun ditu

Erralde hiltegiaren inguruan galdetuta “gezur asko” entzun dituztela azaldu du Angel Longartek, Auzokideen Batzordeko kideak. Jarrera horren arrazoien inguruko galderak erantzun ditu.

 

Erralde hiltegiaren inguruko eztabaida noiz sortu da auzoan?

2005eko uztailaren 30ean hiltegia itxi egin zuten galera ekonomikoen eta instalazioen egoeragatik. Urte eta erdi itxita egon ostean, 2007ko otsailean berriro zabaldu zuten.

 

Zein testuingurutan zabaldu zen hiltegia berriro?

Hiltegiaren instalazioak Durangoko Udalarenak dira. 2006ko apirilean Juanjo Ziarrustaren deia jaso genuen, sasoi hartan Durangoko alkate zenarena. Albiste on bat eta txar bat zituela guri esateko, hori aderazi zigun. Hiltegiaren lurretan zentro zibiko bat eraikitzeko asmoa zegoela zen albiste ona. Txarra, berriz, Erraldek idatzi bat aurkeztu zuela Udalean, bi urterako alokairu kontratua eskatuz.

 

Zuek zein jarrera hartu zenuten?

Alkateak argi esan zigun hiltegia zabalduko zela auzokideek zabaltzea gura bazuten. Sektorearentzako eta herritarrentzako Erralde zabaltzea zeinen garrantzitsua zen ikusita, bi urterako kontratua sinatzea adostu genuen, Berrizen hiltegi berria eraiki arte.

 

Auzokideok eskaerarik egin zenioten Erralderi?

Udalagaz egindako alokairu kontratuan, klausula bat jartzea eskatu genuen, auzokideei ahalik eta kalte gutxien eragiteko. Eta Udalak eskubidea zuen edozein unetan handik botatzeko, adostutako punturen bat betetzen ez bazuten: hiltegia zabaltzen zenetik urte biko egonaldia izango zutela instalazioetan, hiltegiko kortetan animaliek ezingo zutela gaua pasatu, zamalanak ezingo zirela 22:00etatik 06:00etara egin eta araztegian neurriak hartuko zituztela usain txarra kentzeko. Horiexek izan ziren adostutako puntuak.

 

Bete dituzte?

Zabaldu eta berehala hasi ziren esandakoa ez betetzen. Bost urtean arau-hausteak etenbakoak izan dira. Ganadua gauetan uzten zuten. Eguenetan uzteko baimena eskatu ziguten eta asanbladan berriro ere eskuzabalak izan ginen eta baiezkoa erantzun genien. Hala ere, egun gehiagotan gelditzen ziren. Batez ere, Zorrozako hiltegia zarratu zutenean: lana handitu zitzaien eta aste batzuetan bost eta zazpi gauetan ere ganadua bertan uzten zuten. Zamalanak  04:00etan egiten zitzuten eta ordu horretan kamioiak garbitzen hasten ziren. Araztegia ez zuten konpontzen eta usaina jasangaitza zen, batez ere uda sasoian.

 

Urte bi pasatu ostean, zer gertatu zen?

Auzokideen ezinegona geroz eta handiagoa zen. Dena ziren berba politak, baina proiektu berriaren inguruan arduratzen hasi ginen. Lurrak erosi zituztela eta eraikitzeari ekin behar ziotela esan zigutenean lasaitu egin ginen. Orduan, 2010ean, Udaleko eta Erraldeko ordezkariekin batu ginen. Javier Azpitartek obrak 2010eko irailean hasiko zirela segurtatu zigun eta berriro ere engainatu egin gintuzten.

 

Zer gertatu zen orduan?

Udaleko Hirigintza Batzordeagaz alokairu kontratu berri bat egitea erabaki genuen, proiektu berria martxan jartzeko epe batzuekin eta bete ezean Udalak desalojatzeko eskubidea izango zukeen.

 

Hauteskundeen ondoren zuzendaritza aldatu zen.

Bai, eta Erraldeko zuzendaritza berriagaz batzarra egin genuen egoeraren berri emateko, eta proiektu berriaren bideragarritasuna frogatzeko denbora behar zutela azaldu ziguten. Abenduaren 31rako  proiektuaren bideragarritasuna erakutsi ezean, beraien kabuz instalazioak utziko zituztela esaten zuen dokumentua sinatzeko eskatu genion Mikel Ansotegi Erraldeko presidente berriari, eta ezetz erantzun zigun. Akordio hori ez zela posible ikusi genuen eta luzapenari ezetz esan genion. Tartean Osasun Sailak Europako araudia betearaziz jarduera eten egin zuen.

 

Berriro zabaltzeko aukerarik egon daiteke?

Uste dugu ez dela berriro ere zabalduko, baina erabakien zain gaude zer gertatuko den ikusteko. Itxiko balitz, sentsazio gazi-gozoa izango genuke. Batetik, auzokideek pozik hartuko lukete hainbetse urtean jasandako usain eta zaratak amaituko liratekeelako. Bestetik, tristura sortuko liguke guk ere proiektu horretan sinesten genuelako.

 

EHNE, harakin, langile, pastore eta garraiolarien jarrera gogor kritikatu duzue.

Beraien jarrera kritikagarria den arren, errespetagarria da. Jokatzeko izan duten moduagaz ez gatoz bat. Luzapenak eskatzen ditu EHNEk, baina egoera zein den jakinda ez da auzokideekin batzartu ere egiten. Prentsan agertu direnean auzokideen ahalegina ez dute behin ere aipatu ere egin. Langileek behin erreferentzia bat egin zuten.

 

Bilduk izandako jarrera ere salatu duzue.

Bildurena larriagoa dela deritzogu. Beti ulertu dut ahulenak defendatu behar zituztela. Ez dira auzokideengana etorri ere egin. Eskutitz bat bidali digute.

 

Proiektu berria da gakoa. Eraikiko da?

Orain proiektu berrian ez du inork sinesten. 2008an kreditua zuten eta lurrak erosita eta kudeaketa txarrarengatik ez zuten aurrera eraman. Erantzule bakarra Erraldeko zuzendaritza da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!