Erralderen administrazio kontseilua utzi dute EAJ eta AIk

Anboto 2012ko api. 27a, 13:15

Bilduk berkapitalizazioa eskatu du; EAJk eta AIk likidazioaren alde egin dute

Bilduk berkapitalizazioa eskatu du; EAJk eta AIk likidazioaren alde egin dute.

 

Erralderen administrazio kontseiluaren azken batzarrean, elkartearen inguruko jarrera bi azaleratu dira. Erralde likidatzea  edo berkapitalizatzea izan dute eztabaidagai. Bilduko lau ordezkariek berkapitalizazioaren aldeko botoa eman dute.  Likidazioa gura dute, ostera, Elorrio, Berriz eta Ispasterko EAJk, eta baita Abadiñoko Independienteek ere (AI). Gainera, alderdi horietako lau ordezkariek administrazio kontseilutik irtetea erabaki dute.

 


Abadiñoko osoko bilkuran Bilduko Aitor Azuetari erantzunez,   Jose Luis Navarro alkateak (AI)bere dimisioa baieztatu du asteon. Arrazoitu duenez, “egoera dramatikoa da”. Erralde elkartea kiebra egoeran dagoela azaldu. Alkatearen berbetan, merkataritza abokatu batek azaldu dio  irtenbidea “enpresa disolbatzea” izango litzatekeela. Osoko bilkuran Navarrok azaldu duenez, “Durangoko hiltegiak 2,6 milioiko zorra dauka, eta 4 milioi falta zaizkigu proiektu berrirako”.

 

Enplegu erregulazioa

Otsailetik, hiltegiko langileak enplegua erregulatzeko dosierrean sartuta daude, sei hilerako. Juanjo Elgezabal CCOOko ordezkariak esan duenez, oraindik ez dakite zer gertatuko den, baina beltz ikusten du gaia: “Egoera luzatu beharrean, logikoena kontratuak etetea da”.

 

Inork zorra abalatzea “gaitz” ikusten du Elgezabalek, eta proiektuak aurrera egiteko administrazioen eta politikarien arteko adostasuna falta da, bere ustez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!