Durango-Gasteiz autobus linea

Bilduk alegazioak egitera animatu ditu Durango-Gasteiz autobusaren erabiltzaileak

Anboto 2014ko mar. 21a, 13:52

Apirilaren 10a arte egin ahalko zaizkio alegazioak Arabako Aldundiaren esleipen proposamenari. Otxandio, Mañaria eta Izurtzako alkateek prentsaurrekoa eman dute erabiltzaile eta herritarrak alegazioak egitera animatzeko. Izan ere, Bildu ez dago ados esleipenagaz. Esan dute zerbitzu berbera mantenduko duela, ordutegi txarragoagaz. BEREZIA: Durango-Gasteiz linea

"Orain da garaia". Santi Uribe Otxandioko alkateak adierazi du apirilaren 10an amaituko dela alegazioetarako epea, eta orain aldatzea lortu ezean datozen hamar urteetan egitea oso gaitza izango dela. Beraz, erabiltzaileek orain arte kritikatutako baldintzak egonkortuko lirateke.

Otxandion eman dute prentsaurrekoa Uribek, Endika Jaio Mañariko alkateak eta Luis Jose Ballarin Izurtzakoak. Adierazi dute herriotako biztanleen garraio publiko nagusia dela Durango-Gasteiz autobus linea, eta azken urteetan hainbat kexa jaso dituztela herritarren partetik. Horregatik, Bizkaiko eta Arabako Aldundiegaz hainbatetan batu direla esan dute. Bizkaian erantzun izan diete Arabakoaren eskumena dela, eta Araban, esleipena aldatu arte ezin dela ezer egin. Baina kontua da, esleipena aldatzeko prozesua martxan ipini duela  Arabako Aldundiak eta ez duela hasieran esandakoa bete. Autobuserako esleipen berbera proposatzen dute, enpresari autonomia osoa emanez. Orain arte lez, enpresak ez du zertan erantzun beharrik izango erabiltzaileen kexen aurrean. Aldundiak ez du diruz lagunduko, eta beraz, administrazioari ez dio kosturik ekarriko. "Herrietako mugikortasun premiak enpresa pribatu baten errentagarritasun irizpideen eskutan" utzi dituela kritikatu dute Bilduko alkateek. Autobus kopuru bera egongo da, eta ordutegia txarragoa dela uste dute. Adibidez, goizetik eguerdira lau orduko tartean ez dela autobusik egongo azaldu dute. Guzti horregatik, alegazioak egiteko beharra dagoela uste dute.

Bilduren alegazioek hiru eskaera jasoko dituzte: esleipena kontratu-programa bidez egitea autonomia kenduta, beharrizanak asetzeko moduko maiztasuna edukitzea eta autobusen gutxieneko baldintza teknikoak bermatzea. Matxurak gertatuz gero, erabiltzaileei konponbideak ziurtatzea ere eskatuko dute.

Otxandion, autobusaren erabiltzaileek euren kabuz batuko dituzte alegazioak. Mañarian udaletxean, liburutegian eta tabernetan ipiniko dituzte. Izurtzan, jubilatuen eta gazteen babesa eskatuko dute.

Durangokoak falta

Durangokoak dira linea horren erabiltzaileen gehiengoa. Bilduk Durangoko EAJko gobernu taldekoekin egin gura zuen salaketa publikoa, baina durangarrek ez dute parte hartu. Martitzeneko udalbatzarrean aurreratu zuen jarrera Irigorasek, eta gaia batzordean lantzea adostu zuten. Edozelan ere, Bildukoek esan dute alegazioak egiteko sasoia dela, eta pertsona edo instituzioek bere aldetik egin ahal dituzten alegazioak ere begi onez ikusten dituzte.

Norabide horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza gura dute: "Bizkaitarrak izanda, indar gutxi daukagu Arabako Foru Aldundiaren aurrean". Elkarlana eskatu diote, "arazo honen konponketan kaltetutako udalekin batera gure herritarrentzako garraio publiko duin bat lortzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!