Eskaera ez da berria. Berriozabalgoitiak eta Rozasek azaldu zuten 2012ko maiatzean aurkeztu zutela lehenengo kexa Herritarren Arretarako Zentroan. Aurtengo martxoan ere udaletxean idatzia sartu zuten, erantzunik jaso ez dutela ikusita. Beraz, udalbatzarrera joatea erabaki zuten martitzenean. Amaieran hartu zuten berba, eta udalari gaian inplikatzeko eskatu zioten, Mañaria, Abadiño, Otxandio eta Legutioko udalekin batera lan egiteko.
Durango-Gasteiz linea Arabako Foru Aldundiaren eskumenekoa da. Baina, antza denez, erabiltzaileen %80 durangarrak dira. Autobusak ez dira orduro irteten, eta gainera, azkenaldian baldintzak txartu egin ei dira. Atzerapenak, aurrez kontsultatu bako ordutegi aldaketak, matxurak -ordezko autobusik ez dute ipintzen-, autobusak zaharkituta, zikinkeria, berogailurik ez, aire giroturik ez... Alsa enpresak dauka zerbitzuaren esleipena, eta beste urtebetez horrela izango da. Enpresa honek gaur egun eskainitako zerbitzuaren kalitatea, gaur eguneko zerbitzu publiko batengandik "oso urruti" dagoela kritikatu dute.
Alkatearen erantzuna
Erabiltzaile biek, gutxienez erantzun bat edukitzea gura zutela esan zuten. Aitziber Irigoras alkateak azaldu zuen duela hamabost egun bategaz berbetan egon zela, eta joan zen astean Arabako Aldundiagaz ere hartu-emanetan egon zela. Adierazi zuen momentuz erantzuna ezezkoa dela, ezin dela ezer egin, baina eskatzen jarraituko dutela.