Durango-Gasteiz autobus linearen Otxandioko erabiltzaileek prentsaurrekoa eskaini zuten joan zen barikuan Alsa konpainiak gaur egun eskaintzen duen zerbitzu eskasa salatu eta Bizkaiko eta Arabako Aldundiei zerbitzu publiko baten aldeko inplikazioa eskatzeko.
Aldarrikapen horiek Aldundi bietara luzatuko dituztela adierazi zuten eta euren egoera lau haizetara zabaltzeko ekintza bi prestatu dituzte: ekainaren hasieran Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzaren parean kontzentratuko dira; ekainaren amaierako asteburu batean, aldiz, Durangotik Gasteizera oinezko martxa bat egiteko asmoa dute. Arabako Foru Aldundiko egoitzaren aurrean amaituko litzateke martxa.
Durango-Gasteiz autobus linea Arabako Aldundiaren 1950eko kontsezioa bat da. Kontsezio mota horren ezaugarri bat da, diru publikorik jaso gabe enpresak erabateko autonomiaz kudeatu dezakeela linea hori, ordutegiak, prezioak… euren irizpideen arabera ezarriz. Baina Arabako Aldundiak mugikortasun plan berri bat diseinatuko duenez eta linea horren kontsezio berria egingo denez, erabiltzaileek euren aldarrikapenak egiteko aprobetxatu dute. Aldarrikapen bi dira, nagusiki: linea kudeaketa publikoz kudeatzea eta Bizkaiko Aldundia inplikatzea, Bizkaibus kasu; horrekin batera, kalitatezko zerbitzua bermatzea.
Gure aldarrikapenak ez dira gutiziak. Bigarren mailako herritarrak sentitzen gara”, adierazi zuten prentsaurrekoan Alaitz Ajuria eta Elena Llona erabiltzaileek. Zerbitzuak “azken urteetan txarrera” egin duela esan zuten adibideak ipiniz: etengabeko matxurak, garbitasun eza, itoginak, puntualtasun eza, autobusa beteta datorrelako autobusera ezin sartzea… Horregatik, garraio publiko sare jasangarri eta eraginkor bat beharrezkoa dela adierazi zuten.