EH Bilduren arabera, Durango-Gasteiz autobus linea hobetzeko egindako promesak ez dituzte beteko. Arabako Garraio diputatu Alicia Ruiz de Infantek adierazi zuen esleipen berrira itxaron beharko zela zerbitzua hobetzeko. Alsa enpresak 2015era arteko baimena dauka, eta hilabete honetan atera behar ei dute zerbitzua berriro lehiaketara. Baina, EH Bilduk kritikatu du esleipen berria jasoko duenak ere eskumen berezia edukiko duela, orain arte lez: "Erabateko autonomiarekin kudeatzen du zerbitzua egungo enpresak. Berak ezartzen ditu ordutegiak, salneurriak… eta esklusibitatea dauka".
Horregatik, alegazioak aurkeztuko ditu EH Bilduk. Aitor Torre batzarkide bizkaitarrak eta Patxi Martinez de Albeniz arabarrak eman dute horren berri prentsaren aurrean. Esleipena programa kontratua deitzen den sistemagaz egitea gura dute: "Gure sutez linearen kontrol publikoa bermatzeko era bakarra da". Durangoko Udalari, Amankomunazgoari eta Bizkaiko Foru Aldundiari ere alegazioak egitea eskatu diete EH Bildukoek.
Autobus linea horregaz lotuta hainbat kexa egin izan dituzte erabiltzaileek. Durangon udalbatzar batera joan ziren horietako bi, 160 erabiltzaileren izenean, udalari inplikatzeko eskatuz. Eta horren ondorioz etorri da eztabaida Araban. Iaz Otxandioko herritarreek ere protestak burutu zituzten.