Durango-Gasteiz autobus linea

Durangotik Gasteizera, autobus zerbitzu publikoa eta duina eskatzeko

Anboto 2013ko eka. 25a, 10:47

Durangotik Gasteizerako autobus zerbitzua asko hobetu daitekeela uste dute erabiltzaileek. Atzo Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzaren parean kontzentratu ziren eta euren eskakizunak entregatu zituzten. Barikuan, aldiz, Durangon hasi eta Gasteizera arteko oinezko martxa hasiko dute Arabako aldundiaren parean amaituko dena.

Durangotik Gasteizerako autobus zerbitzua asko hobetu daitekeela uste dute erabiltzaileek. Atzo Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzaren parean kontzentratu ziren eta euren eskakizunak entregatu zituzten. Barikuan, aldiz, Durangon hasi eta Gasteizera arteko oinezko martxa hasiko dute Arabako aldundiaren parean amaituko dena.

 

Durango-Gasteiz autobus linearen kontsezioa Arabako Aldundiaren esku dago eta honek kontsezioa hori Alsa enpresari emana izan dio 50 urtez. Kontsezio mota berezi bat izan da eta autobus enpresak zerbitzua nahierara kudeatzeko askatasuna izan du. Orain, kontsezioaren epe hori amaitzear dago. Horiek horrela, linea horretako erabiltzaileak, batez ere otxandiarrak, abagune hau aprobetxatzen ari dira linea horren inguruan dituzten kexak plazaratu eta Bizkaiko zein Arabako aldundiei “diru publikoz finantzatutako autobus zerbitzu duina” eskatzeko. Izan ere, Jone Gonzalez de Audikana erabiltzaileak dioenez, “Otxandio Bizkaian dago eta linearen kontzesioa Arabakoa da. Bietan gaude, baina bietako batek ere ez gaitu aintzat hartzen”.

 

Atzo eguerdian Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzaren parean kontzentratu ziren 25 erabiltzaile, ia denak otxandiarrak. Euren eskakizunak jasotzen dituen idatzia ere entregatu zuten. Eskakizun nagusia linea hori diru publikoz finantzatzea da; hau da, linea hori nahierara kudeatuko lukeen enpresa pribatu baten esku ez uztea eta kudeaketa eredua, errentagarritasun ekonomiko hutsean beharrean, erabiltzaileen beharrizanetan oinarritzea. Horrez gainera, erabiltzaileek beste eskakizun nagusi bi dituzte:  orduro autobus bat bermatzea, bai joateko eta bai bueltatzeko, eta zerbitzua, oro har, hobetzea: autobusen kalitatea, beteta doalako zutunik joan beharra…

 

Eskakizun horiek berak besapean hartuta Arabako Aldundira ere joango dira. Autobus linearen ibilbide bera oinez egingo dute barikuan eta zapatuan. Barikuan, 15:00etan, ipini dute hitzordua Durangoko Madalenan, Durangotik Gasteizerako autobusa irteten den ordu berean. Ertzaintzan baimen denak eskuratuta, errepide nagusitik Otxandiora arte joango dira lehen jardunaldian. Zapatu goizean, Otxandiotik Legutiora arteko bidea ez dute errepide nagusitik egingo, ikuspen gutxi dagoenez arrikutsua dela; horren ordez Mirugain ingurutik joango dira. Azkenik, Legutiotik Gasteizera arteko bidea seguruenik autoz egingo dute, errepide nagusitik joatea arriskutsua delako. Gasteizen, aldundiaren parean euren eskakizunak jakinarazi ondoren pilota aldundi bien teilatuan egongo da.

 

Autobus zerbitzua

Maiztasunari dagokionez, Alsak egunean zazpi joan etorri eskaintzen ditu eta erabiltzaileek orduro autobus bat eskatzen dute: “Goizetan, batez ere astelehen goizetan, astea Gasteizen igarotzera doazen ikasleak etortzen dira eta sarritan autobusean sartzeko eta zutik joateko ere arazoak izaten ditugu. Legution, esaterako, jendea kanpoan sartu ezinda geratu izan da”, dio Gonzalez de Audikanak. Kontuan hartu behar da otxandiarrek zerbitzu asko (osasun zentroa, ikasketen arlokoak…) Gasteizen erabiltzen dituztela.

 

Bizkaibusek Ubidea-Otxandio-Lemoa-Bilbao linea eskaintzen du. Linea honen arazo nagusia agerikoa da: Otxandiarrek Gasteizen dituzte zerbitzurik gehienak eta ez Bilbon: “Ez du holako hartuemanik Bilbogaz”. Gainera ordu eta hogei minutu irauten du ibilbideak. Zerbitzua eurentzako ez dela eraginkorra uste dute.

 

Autobusen egoerari dagokionez, autobus zaharrak direla eta sarritan matxuratzen direla azaldu dute erabiltzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!