Orain momentuan autobus zerbitzuko kontratuan enpresak "gura duena egiteko" aukera daukala salatu dute Bilduk eta Aralarrek, eta alegazioak aurkezterakoan ibilbidean dauden beste udalekin batera elkarlanean ibiltzeko aukeraren alde egin dute. Mozio baten bidez eroan dute gaia osoko bilkurara: Udalak alegazioak aurkezteko eta Bizkaiko foru aldundiari inplikazio handiagoa eskatzeko sartu dute mozioa.
Arabako Foru Aldundiak autobus linearen lizitazio prozesua martxan ipini duela, eta oinarrietan "atzerapausuak" daudela adierazi dute Aralar eta Bilduko zinegotziek. Beste alderdiek ere hobekuntzen premia ikusten dute, baina alegazioak lantzeko moduan desadostasunak egon dira.
Mozioan, EHBilduko kideek alegazioak bi puntutan egitea proposatu dute: Batetik, autobus zerbitzuaren kontratuan foru aldundiak eskuhartze gehiago izatea eskatzeko, eta bestetik, ordutegien berrazterketa bat egitea, eta horiek plegutean ezartzea.
Batzordeetan lantzeko premia
EH Bilduko bi alderdiek gobernu taldea nahiko inplikatu ez dela kritikatu dute osoko bilkuran. Aitzber Irigoras alkateak horren kontra egin du, eta Arabako diputatu nagusiagaz izandako batzarrak gogoratu ditu. Zerbitzuaren eskumena "tamalez" udalarena barik Arabako Foru Aldundiarena dela esan du, eta alegazioei buruz, zera azaldu du: "Alegazioak egin behar dira durangar asko erabiltzaile direlako eta euren interesak babestu behar ditugulako, baina alegazioak ez dira bat-batean asmatzen. Batzordeetan eztabaidatu behar dira". Ibibideko beste udal arduradunekin batera prentsaurreko bat emateko proposamena jaso du alkateak, baina ezetz erantzun die. "Instituzio moduan jokatuko dugu, instituzioen tresnekin eta batzordetan alegazioak landuta".
PSE-EEk, bere aldetik, EH Bilduko alegazioari testu alternatibo bat aurkeztu dio. Azkenean, EAJk ere mozio hori babestu du. Testuan azaldu dutenez, udalak konpromisoa hartzen du autobus zerbitzuaren lizitazioari alegazioak aurkezteko. Arabako eta Bizkaiko foru aldundiei elkarlan instituzional baterako formula bat planteatu dezatela ere eskatu dute mozioan.