Txaber San Pedro elorriarra birritan izan dugu aurten protagonista ANBOTOn. Behin bizikleta gainean, Kanariar uharteetan Granguanche 'non stop' proba egin zuenean. 800 kilometro egin zituen bost etapatan banatuta, 17.000 metroko desnibel positiboa gaindituz. Hamaika abentura bizi eta makina bat zailtasun izan zituen, psikologikoki hondoa jo arte, baina etxekoen animoei eskerrak erronka amaitzea lortu zuen.
Beste behin, Nerbioi ibaian eta ontzi baten gainean ikusi genuen. Errege Kopako ospakizunetan murgilduta, gabarrari jarraitzen zebilen ontzi batean zihoan, Athleticen kamiseta jantzita. Ontzitik bertatik bizitzen zebilen momentuko kontakizuna egin zigun.
'Non stop' probako elkarrizketa: LOTURA HEMEN
Athleticen ospakizuneko bideoa: LOTURA HEMEN
Txaber San Pedro bezain athleticzalea da Lander Zurinaga 'Titin', gehiago ez bada. "Athletic ia erlijio bat da niretzat, loa kendu didana askotan", onartu zuen apirileko elkarrizketan. Aurten asko gozatu du bere bihotzeko taldeagaz. Kopako garaipenak umeengaitik eman dio poza, batez ere. "Urteetan gaztetxoak Real Madrilen eta Bartzelonaren kamisetekin ikusi ditugu. Orain, berriro ikusten dira Athleticeko kamisetak. Oso garrantzitsua da. Polita", esan zuen.
Elkarrizketa: LOTURA HEMEN
Peru Arrasate durangarrak eta Markel Jaio aulestiarrak —Durangon bizi da— Everesting izeneko erronka egin zuten maiatzean. Beste era batera esanda, Lekoitz-Gane mendatea 35 bider jarraian igo zuten, aldapa gora Everest mendiak duen metro kopuru bera metatu arte: 8.848 metro. Gainera, aurtengoa ez da biek elkarregaz Everesting egiten duten lehenengo aldia. Orain hiru urte Urkiolan egin zuten. A ze parea!
Albistea: LOTURA HEMEN
Apustua bazkari baten bueltan sortu zen, apustuak sortu ohi diren giroan: Arrazolatik Andastora nor lehenago heldu, beteranoak ala gazteak. Beteranoek denboran abantaila zuten eta gazteek sasoia zuten euren alde. Irail hasieran egin zuten eta kontuak estu izan ziren, baina azkenean beteranoek heldu ziren lehenengo.
Etorkizunean egongo ote da beste apusturik? "Zeozer bai, seguru!", esan zuen Ibai Buruagak, beteranoen taldekoak. "Mendira joan, izerdia bota, kuadrillan ibili eta lagun artean bazkaldu. Zer gehiago behar da, ba?", gaineratu zuen.
Albistea: LOTURA HEMEN
Zein goxoak aurten Mañariko karnabaletako tostadak! Normala, Sasi-berezik bere bizilekutik propio ekarritako ahun-esneagaz egindakoak izan dira eta. Mozolo maltzurra eta bere aliatuak jaia zapuzten saiatu ziren, baina ez zuten lortu.
Errose Bustintza idazlearen (Mañaria, 1899-1953) Jentillen bola-lekua ipuina oinarri hartuta karnabalei loturiko istorio bat kontatu dute aurten Mañariko karnabaletan, herri osoa eszenatoki zela. Sasi-berezik eta Mozolok elkarrizketa bat eskaini zioten ANBOTOri karnabalen atarian. "Herrira jaisteak asko pozten nau. Baliteke nire itxurak etxeko txikienak apur bat beldurtzea. Baina maitekorra naiz eta denen lagun izan gura nuke", adierazi zuen Sasi-berezik.
Elkarrizketa: LOTURA HEMEN
Albistea: LOTURA HEMEN
Hainbat urtez jet pribatuetako zerbitzari lanetan aritu da Arantzazu Beitia (Elorrio, 1991) eta denerik ikusi du, bezero batzuk "bereziak" baitira. "Behin, Errusian, bezero batek berak ehizatutako hartz bategaz hegan egin zuen", gogoratu zuen ANBOTOn egindako elkarrizketan. Jende famatuagaz bidaiatu du; futbolariak, politikariak, artistak… Futbolari batzuen izenak eman zituen.
Elkarrizketa: LOTURA HEMEN
35 urte joan dira eta oraindino misterio bat da. Mañariko Hontza Museoari egindako pieza donazio handienetakoa 1990. urte ingurukoa da eta inork ez daki norena den. Lau-bost kaxa heldu zitzaizkien. "Hego Amerikako askotariko aleekin: hegaztiak, tximinoak… 200 edo 300 bat pieza. Ikaragarria!", gogoratzen du Enrike Huertak.
Hontza Museoak 10 urte egin ditu gaur egungo kokalekuan eta jai bategaz ospatu dute. Enrike Huertak eta Leire Huertak hamarkada honi errepasoa egin zioten azaroko elkarrizketan.
Elkarrizketa eta bideoa: LOTURA HEMEN
Urteurren ekitaldiko argazki bilduma: LOTURA HEMEN
Titularrak dena dio, ez dago bestelako amu baten beharrik jakin-mina pizteko. Saretzen ekimenaren barruko azterketak utziko datu bat da. Saretzen Tokikom tokiko komunikabideen sareak eta EITBk elkarlanean gauzatzen duten proiektua da. Datu kazetaritza elkarregaz eta elkarlanean lantzea da egitasmoaren helburua.
Albistea irakurtzeko: LOTURA HONETAN
Saretzen ekimeneko azterketa gehiago: LOTURA HONETAN
Kriskitin eta Arin-arin dantza taldeetako dantzari Egoitz Esturo bere bikotekideagaz batera ezkondu zen azaro amaieran. Lagunek sorpresa txiki bat prestatu zioten ezkontzekoa zen bikotekideari. Durangoko Kriskitin eta Bernako Arin-arin dantza taldeko partaideak ezkontidea bizi den etxe atarira agertu ziren ezkontza baino lehenago. Zer eta... ezkongaietako bat, dantza taldeetako kide duten Egoitz Esturo, Barrenkaletik udaletxeko plazaraino kaxarranka gainean eraman zuten. Lekeition San Pedro egunez dantzarako erabiltzen duten kaxari, kaxarrankari, beste erabilera bat eman zioten ezkontzan.
Bideoa: LOTURA HONETAN